AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

'Langileok haustura politikoa' izenpean, bloke propioa osatuko dute Gasteizen biharko greba orokorrean

Greba orokorraren barruan, "langileon haustura politikoa" aldarrikatuko dute bihar Gasteizen, "ofentsiba kapitalistaren aurrean", "auto-antolakuntza eta langile guztion batasuna" erdigunera eraman asmoz. 09:00etan pikete informatiboa egingo dute campusean, eta 11:00etan zutabea irtengo da Aulariotik, Rafa plazatik aterako den blokearekin bat egiteko.

Biharko Hego Euskal Herrian deitua dagoen greba orokorrarekin bat eginez, Gasteizen (Araba) bloke propioa izango da herrialdeko hainbat eragilek deituta, Ofentsiba kapitalistaren aurrean, langileok haustura politikoa izenpean. 11:30ean aterako da, Rafa plazatik. Horren aurretik, 09:00etan, pikete informatiboak egingo dituzte hiriburuko campusean, eta 11:00etan zutabea aterako dute Aulariotik, Rafa plazarantz abiatu eta blokea bertan osatzeko.

Deitzaileek azaldu dutenez, "krisi kapitalistaren ofentsibaren" eta "klase borrokaren intentsifikazioaren" testuinguruan, "grebarako arrazoiak" daude, baina garrantzitsutzat jo dute "bertan proposatzen diren langileriaren lan eta bizi baldintzen hobekuntzarako aldarrikapenak benetan eskuratzea".

Bide horretan, eta "proletarizazio prozesuak optika politiko desberdinak azaleratu" baditu ere, apustu argia egin dute blokearen antolatzaileek: "langileon haustura politikoa", "langileon auto-antolakuntza eta langile guztion batasuna" oinarri. Hala, "klase botere independente bat artikulatzea" ipar, "langileriaren baldintzen hobekuntzak lortzeko eta defendatzeko elkartasun eraginkorrerako, egunerokotasuneko antolakuntza tresnak ekoiztearen beharra" azpimarratu dute.

"Greba orokorra langileria osoaren tresna" dela azalduta, bihar kalera irteteko dei egin dute, "langileen haustura politikoaren" alde.

Greba orokorrean "proletalgoaren presentzia politikoa" aldarrikatzeko blokea osatuko dute bihar Iruñean
Bihar, 'Proletalgoa grebara!' lelopean zutabe propioa aterako dute Iruñean, 12:00etan San Frantzisko plazatik. "Krisi kapitalista" eta "klase borrokaren areagotzea" bizitzen ari garen honetan, "apurketa ekonomiko eta soziala burgesiaren kontrako haustura politiko bihurtzea" beharrezkotzat jo dute blokearen deitzaileek, "proletalgoaren independentzia" ardatz. Hala, borrokak "klase batasunaren bidez batzeko" deia egin dute, krisi egoerak nabarmendu duen "iraultzaren beharrezkotasunari" helduta, "posizioa hartzeko".