AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Larunbatean Durangon mobilizatzera deitu du EHKSk, "78ko erregimenaren eta faxismoaren aurka"

'Langileok haustura politikoa' aldarritzat hartuta abiatuko da manifestazioa Landakotik, 17:30ean. Goiz horretan, hitzaldi bat emango du EHKSk San Antonio ikastetxean.

Larunbat honetarako, abenduaren 6rako, Durangon (Bizkaia) jarri ditu hainbat hitzordu Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Espainiako Konstituzioaren Eguna izanik, "1978ko konstituzioa frankismoaren jarraipenean sortu zela" salatuko du antolakundeak manifestazio baten bidez, baita horrekiko eta "Espainiako erregimenarekiko haustura" aldarrikatu ere. Langileok haustura politikoa lelopean aterako da mobilizazioa Landakotik, arratsaldeko 17:30ean.

"78ko erregimenak ez dio aterik ixten faxismoari. Are gehiago, hura zuritu eta legitimatu egiten du", adierazi zuen EHKSko bozeramaile Garazi Navarrok deialdien berri ematean: "Komunistok lehen lerroan egon behar dugu estatu kapitalistak sortzen dituen injustizien aurka, eta sozialismoaren eta autodeterminazioaren premia azpimarratu behar dugu". Horrekin batera, eskua luzatu zion "langile-klaseko kide orori, borroka antikapitalista eta antifaxista bere egin dezan". "Durangon ikusiko dugu elkar".

Arratsaldeko manifestazioaren aurretik, goizeko 11:15ean hain zuzen ere, auziaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du EHKSk Durangon bertan. San Antonio ikastetxean izango da saioa.

EHKS: "Euskara borrokan bizi da"
Euskararen Egunean, "oinarrizko hizkuntz eskubideen defentsan" lan egitera eta "euskalgintzaren baitako joera erreakzionarioen adierazpenei" aurre egitera deitu du EHKSk. Ezinbestekotzat jo du "komunistok hizkuntz politika propioa" garatzea eta "euskara, borroka politikoa eta klase-kontzientzia" uztartzea.