AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Lau eguneko greba hasiko dute bihar Deustoko Unibertsitateko garbitzaileek

Otsailaren 16tik 19ra egingo dute greba, "soldata-arrakalarekin amaitzeko eta lan-baldintzak hobetzeko"; 2021eko irailetik ari dira garbitzaileen baldintzak hobetzea eskatzen.

Deustoko Unibertsitateko garbitzaileek lau eguneko greba egingo dute bihartik hasita. Unibertsitate pribatuak Sodexho enpresa du azpikontratatuta garbiketa-lanak egiteko, eta langileek salatu dute lan-baldintza txarrak dituztela, eta soldata-arrakala dagoela.

Unibertsitatean bertan, gainera, campus ezberdinetako langileek bestelako lan-baldintzak dituzte. Bizkaiko campuseko garbitzaileek Gipuzkoako campusekoek dituzten lan-baldintza berdinak izatea eskatu dute, baina unibertsitateak muzin egin die eskari horiei, eta Deustoko Unibertsitatea eta Sodexho ez dira langileekin negoziatzera eseri.

Hori dela eta, langileek ondorengo hiru puntuak aplikatzea eskatzen diete enpresako zuzendariei:

  • Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakalarekin amaitzea.
  • Bizkaiko campuseko langileen baldintzak Gipuzkoako campuseko langileen baldintzekin berdintzea. Baldintzak berdinduz gero, Bizkaiko campuseko langileek urtean 1.960 euro gehiago irabaziko lituzkete.
  • Gutxieneko kontratazio jardunaldi batzuk eta partzialtasunaren aurkako beste neurri batzuk ezartzea.

Joan den urteko irailean hasi ziren Bizkaiko campuseko langileak aldarrikapen horiekin, eta ordutik 11 greba egun egin dituzte. Hala eta guztiz ere, unibertsitateak eta azpikontratatutako enpresak ez dute negoziatzeko borondaterik erakutsi, eta lau eguneko greba berriarekin blokeo egoera hori gainditu nahi dute beharginek.

Ikusgai dago 'Burdin Hesia' programaren hamargarren atala
Gasteizko Txosna Batzordearen beto politikoa, Kataluniako etxebizitza mugimenduen aurkako errepresioa eta lan-erreforma aztertu dituzte saio honetan.