AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Lau garraiolari hil dira lan-istripuz Fiteron, bi kamioik talka eginda

Iruñerriko LASek salatu du "istripu horren atzean langile-klaseak gero eta bortizkiago jasaten dituen miseriazko lan-baldintzak daudela". Aurten, gutxienez hamahiru lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.

Asteazken goizaldean izan zen azken hamarkadako lan-istripurik larriena Nafarroan. N-113 errepidean, Fitero parean, lau langilek galdu zuten bizia, bi kamioiren arteko talkaren ondorioz. Ibilgailu bakoitzeko bi garraiolari hil ziren istripuan: jatorri bulgariarreko bi eta jatorri txekiarreko bi.

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), hildako beharginen hurbilekoei doluminak emateaz gain, salatu du "istripu horren atzean langile-klaseak gero eta bortizkiago jasaten dituen miseriazko lan-baldintzak daudela". Zehaztu duenez, "krisi kapitalistaren testuinguruan, langileok etengabeko presioa jasaten ari gara lan-denbora murrizteko": "Lanaldi luzeetan gidatzen dute garraiolariek, askotan gauez edo baldintza klimatiko negargarrietan, eta kamioiek martxan jarraitzen duten bitartean txandakatzen dira gidariak atseden hartzeko". LASen esanetan, "dinamika horiek heriotzera daramaten lehia ekonomikoaren logikan baino ezin dira ulertu", eta, beraz, "basakeria kapitalistaren aurka, klase-batasuna eraikitera" deitu du.

Urtea hasi zenetik bi hilabete eskas igaro diren honetan, iturri sindikalek diote Euskal Herrian gutxienez hamahiru langilek galdu dutela bizia soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.

Apirilaren 5eko manifestazioaren deialdia zehaztu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
12:00etan abiatuko da manifestazioa Donostiako Bulebarretik, etxebizitzaren negozioari beste behin ere ezetz esateko.