AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Laudioko Gaztetxea husteko agindua jaso dute bertako kideek

Ohar bidez zabaldu dutenez, Laudioko Udalak eskutitza bidali die gaztetxeko kideei; urtarrilean, gaztetxearen eraikinean obrak egin behar dituztela baliatuta, espazioa hustu behar dutela aginduz. Esan dietenez, ez dute eraikin horretara bueltatuko direnaren bermerik. Gaztetxeko kideek agerraldia egingo dute abenduaren 4an.

Azaroaren 18an bildu ziren Laudioko Gaztetxeko kideak Laudioko Udalarekin. Egun batzuk lehenago, eskutitza jaso zuten gaztetxekoek, eta hala izan zuten eraikina urtarrilaren 7rako husteko aginduaren berri. Izan ere, hilabete horretan, obra desberdinak hasiko dituzte eraikinean. Bileran, espazio horretara bueltatzeko bermerik ez dutela esan zien PNV eta PSE-EE alderdiek osatutako Udal Gobernuaren ordezkariak. Gainera, lanek iraun artean, beste espaziorik ez dutela izango ere iragarri zien, 18 urtez Laudioko Gaztetxea bertan kokatu eta gero. Horregatik, aldaketarik ez bada, egun horretarako gaztetxea desalojatuko dutela azaldu dute.

Laudioko Gaztetxea, okupazio mugimenduaren eskaerei erantzunez, udalak lagatako espazioa izan zen hasieran, 2005. urteraino. Ordutik, ordea, ez du lagatze kontraturik izan. Hala, bertako kideek azaldu dutenez, urte luzez, Laudioko Gazte Asanbladaren kudeaketa autonomoaren esku egon da gunea.

Erasoak

Ez da izan Laudioko Udalak azken hilabeteetan herriko eragileen aurka gauzatutako eraso bakarra. Gaztetxeko kideek gogoratu dutenez, udan bertan, gobernu taldea osatu berritan, Laudioko Txosna Batzordearen aurka oldartu zen "udal autoritarioa".

Gaurkoan, askotariko erasoei egin diete erreferentzia, beraz; aipatutakoez gain, azken hilabeteetan eskualdean eraildako bi langileak izan dituzte gogoan, baita beharginen kaleratzeak eta Artiach eta Berriak enpresetako langileek martxan jarritako mobilizazioak ere. Eraso horiek guztiak, "ofentsiba kapitalistaren testuingurutik kanpo" ezin direla ulertu uste dute gaztetxekoek. Hor kokatu dute gaztetxearen beharra; "baliabide" gisa, "kapitalismoaren aurka antolatzeko".

Horri guztiari erantzuna emateko agerraldia egingo dute abenduaren 4an, 18:30ean gaztetxean.

Andoni Goikoetxearen aurkako zazpi urteko zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak
Goikoetxearen helegitea atzera bota, eta zazpi urteko kartzela zigorra berretsi zuen Auzitegi Gorenak iragan ostiralean. Apirilaren 9an epaitu zuten gazteluarra, ETA erakundearen lehergailuen inguruko informazioa zuelakoan. Aurretik ere preso izan zuten Frantziako Estatuan, 2017. urtera arte.