AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Laudioko Gaztetxea husteko prozesua abiatu du Laudioko Udalak

Gaztetxeko kideek otsailaren 19an ireki zituzten berriz espazioko ateak. Udalarekin bi aldiz bildu ostean jakin dute martxan dela gaztetxea husteko prozesua; maiatzaren 6an egingo dute agerraldi bat.

Desalojo arriskuan dago berriz Laudioko Gaztetxea. Laudioko (Araba) Lamuza parkeko obren aitzakiapean —han dago kokatuta gaztetxea—, eta udalaren aginduz, polizia-indarrek 2021ean hustu zuten Langile Kontrolpeko Espazioa. Udalak, gainera, ez zien inolako bermerik eman gaztetxeko kideei Lamuzako lanak amaitzen zirenerako; ez zien ziurtatu gunea berriz ere gaztetxe modura ireki ahalko zenik, publikoki hori adierazi arren. Jakin dute, gainera, gaztetxe modura erabiltzen den eraikinerako "erabilera berriak diseinatzen" ari zela ordurako udala, baina ez zuela "adorerik izan" gaztetxeko kideei hori aitortzeko. "Obrak gu gaztetxetik kanporatzeko aitzakia baino ez ziren izan", diote haiek.

Dena den, "erabaki arbitrario horri aurre egitea" erabaki zuten gaztetxeko kideek, eta ordura arte itxita egon zen espazioko ateak zabaldu zituzten otsailaren 19an. "Laudion antolakuntzarako espazioen beharra agerian utzi nahi genuen", azaldu dute. Ordutik izan dute martxan Laudioko Gaztetxea.

Elkarrizketak

"Gaztetxea ireki eta jarduera publikoari ekin arte ez ziren gure eta udalaren arteko elkarrizketak hasi", argitu dute gaztetxeko kideek. Elkarrizketa horien "bideragarritasunerako berme modura", eskaera zehatz bat egin zuten gaztetxeko kideek: espazioa husteko prozedurarik martxan ez jartzeko eskatu zioten udalari. Bi aldiz bildu dira bi aldeak.

Gaur, dena den, azken berriak jakinarazi dituzte: gaztetxea husteko prozesua abiatu du udalak. Gainera, atzo ziren beste bilera bat egitekoak bi aldeak, eta udalak azken momentuan utzi zuen bertan behera hitzordua.

"Gaur-gaurkoz, udalaren aldetik irmoa den bakarra gaztetxearen aurkako desalojo prozesua da", salatu dute gaztetxeko kideek. Azpimarratu dute "alderdi politiko eta instituzioen interesetatik harago, antolakuntzarako espazioak" behar dituztela Laudion ere, eta gaztetxea defendatzera deitu dute. Agerraldi bat egingo dute maiatzaren 6an, 18:30ean, gaztetxean bertan.

'Agirretarren bandera' antzezlanaren estreinaldiaren xehetasunen berri eman du Ekidak
Maiatzaren 7an estreinatuko dute lana Azpeitiko Soreasu antzokian, eta doakoa izango da sarrera. Antzezlanaren aurkezpenaz gain, hainbat ekimen izango dira arratsaldetik Azpeitiko plazan, eta gauerako kontzertuak antolatu dituzte Azpeitiko Gaztetxean.