Laukoiztu egin da 40 urtetik gorako adinarekin erditzen duten emakumeen kopurua Espainiako Estatuan
40 urte edo gehiago dituzten amengandik jaiotako haurrak urtean jaiotakoen %2,8 izatetik %10,2 izatera igaro ziren Espainiako Estatuan 2001 eta 2020 artean. Lehenengo haurra izaten duten amen batez besteko adinak ere gora egin du, 29,2tik 31,2ra igaro baita epe berean. Ugalkortasun-tasan jaitsiera nabaritu zen 2001-2020 epean, emakume bakoitzeko haur kopurua 1,23tik 1,19ra murriztu baitzen. Europar Batasun osoan antzeko joerak nabari dira, neurri apalagoan bada ere.
Estatukide guztietan handitu egin zen 40 urtetik gorako amengandik jaiotakoen ehunekoa. Espainiako Estatuan erregistratu zen EBko bigarren ehunekorik handiena 2020an, urte hartan bizirik jaiotako haur guztien %10,2 izan baitziren 40 urte edo gehiagoko emakumeen seme-alabak; 2001ean, berriz, %2,8 baino ez.
Lehendabizikoz ama izaten direnen batez besteko adina ere igo egin da: 29,2koa zen 2001ean eta 31,2ra igaro zen 2020an. Adierazle berak igoera esponentziala erakusten du EB osoan ere: Eurostatek 2013an jaso zuen estreinakoz, eta 28,8koa zen urteko batez besteko adina. 2020an, ordea, 29,5era iritsi zen, urtero gora egin ostean. 2001-2020 aldian, batez besteko adin hori handitu egin zen estatukide guztietan.
Seme-alaba kopurua emakumeko
Auziari beste ertz batetik begiratuta, ugalkortasun-tasaren beherakada nabarmentzen da. Espainiako Estatuko kasuan, emakumeko batez besteko haur kopurua 1,23koa zen 2001ean, eta 1,19koa da, berriz, 2020an. EB osoko tasa baxuenetariko bat izan zen azken hori, Maltakoaren ostean. Urtebeteko gorabeherari so, ugalkortasun-tasa hemezortzi estatutan jaitsi zen 2019-2020 aldian, beste zortzik igoera izan zuten eta bakar batean mantendu zen egonkor.
Zergatiak
Fenomeno hori interpretatzen saiatzean, emakume langilea soltadapeko lanean txertatzea aipatzen da maiz kausa modura, horrek amatasun tradizionalaren higaduran izandako efektuari erreferentzia eginda. Emakumezko beharginei "familiako bizitza planifikatzeko askatasun gehiago" eskaini omen zaiela ere esaten da, ordea, azken datuek kontrakoa dioten bitartean. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuen arabera, 2020an Espainiako Estatuan ama izan nahi luketen emakumeek 2,1 seme-alaba izan nahi zituzten batez beste, jaiotza-tasa efektiboa 1,19koa zen bitartean.
INEren datuak Encuesta Merck: Fertilidad en EspaƱa. Deseos y Realidad izeneko ikerketan oinarritzen dira. 20 eta 45 urte arteko 1.501 emakumeri egin zizkieten inkestak Espainiako Estatu osoan barrena, eta argiak dira galdeketa horretako emaitzak: seme-alabak izateko faktore garrantzitsuenak egonkortasun ekonomikoa (%95), lan-malgutasuna (%64) eta bikotekideak haurrak zaintzeko duen prestutasuna (%44) dira.
in AKTUALITATEA