AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Lehen urteurrena ospatu dute Zestoako Zentroko Gaztetxean

Zestoako Gazte Asanbladak iazko otsailean birjabetu zuen herriko eraikin bat, Gaztetxe bilakatzeko. Elizak martxan dauka espazioaren kontrako prozedura judiziala, eta hura husteko agindua eman du jada epaileak. Oztopoak oztopo, Gaztetxea indartzen jarraitzen dute gazteek, eta lehenengo urteurrena ospatu dute aurreko asteburuan.

Joan den larunbatean, otsailaren 24an, Zentroko Gaztetxe berriaren aurreneko urteurrena ospatu dute Zestoan (Gipuzkoa). Zestoako Gazte Asanbladak duela urtebete jakinarazi zuen Elizondo eraikina izandakoa birjabetu eta hara tokialdatu zuela Gaztetxea, hainbat urtez hura lekualdatzeko udalarekin eta Elizarekin izandako elkarrizketek porrot egin ostean.

Elizaren jabetzakoa da Gaztetxe bilakatutako eraikina. Gaztetxearen kontrako prozedura judizial bat jarri zuen martxan Gipuzkoako Gotzaindegiak, eta urtarrilaren 24an izan zen horri loturiko epaiketa, Azpeitian (Gipuzkoa). Gazte Asanbladako kideek egun gutxian azaldu zuten bazutela ebazpenaren berri: Zestoako Gaztetxe berria husteko agindua eman du epaileak.

Ebazpenak ebazpen eta oztopoak oztopo, erdiguneko Gaztetxea indartzen jarraitzen dute asanbladako kideek, Euskal Herri osoko hamaika espazioren eta lagunen eskutik. Otsailaren hasieran ehunka pertsona elkartu ziren Zestoan, manifestazio baten bidez, Gaztetxea defendatzera eta desalojoa gelditzera deitzeko. Joan den asteburuan, berriz, Gaztetxe berriaren lehen urteurreneko ospakizunak izan dira.

Eguerdian hasi zen urteurrenaren egitaraua, Jon Gurrutxagak eta Gorka Pagonabarrak girotutako bertso-poteo batekin. Arratsaldean bazkaria izan zen Gaztetxean bertan, eta, horren ostean, herri-kirol ikuskizun bat eskaini zuten Jon Lapeirak, Lierni Osak eta Maddi Gesalagak. Iluntzeko pilota-saioaren ondoren, zenbait kontzertu izan ziren Gaztetxean. Istilu, Tiratxinas, Berandu Baino Lehen eta Yakovlev 42 taldeak aritu ziren, hain zuzen ere.

Prestazio sozialetan izaten ari diren murrizketen kontra mobilizatu dira Bilbon
Dozenaka kolektibok deituta izan zen manifestazioa aurreko larunbatean. Murrizketei eta horiei loturiko "kriminalizazioari eta pobretzeari aurre egitera" deitu zuten.