AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Leioako irakasle faxista bota behar izan du EHUk, ikasleen protesten eraginez

EHUk esan du "probaldia ez gainditu" izana dela faxista kanporatzeko arrazoia. Irailean protesta jendetsuak egin zituzten ikasleek Zuzenbide Fakultatean, mezu faxistak zabaltzen ari zen irakaslea bota zezatela exijitzeko.

Ikasleek egindako presioaren ondorioz, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) urrian jakinarazi zuen prozedura bat ireki zuela mezu faxistak zabaltzen ari zen Zuzenbideko irakaslearen aurka, eta, behin-behinean behintzat, ezingo zuela klaserik eman. Leioako (Bizkaia) campusean ari zen eskolak ematen, EHUk kontratatuta. Genero-indarkeriaren aurkako protokoloa aplikatuta jarri zuten martxan faxistaren kontrako prozedura, baina ez da horren inguruko berririk izan ordutik.

Baina duela zenbait egun atera zen argitara EHUk kanporatu egin duela irakaslea, eta honakoa omen da arrazoia: ez duela "probaldia gainditu". "Irakasle lanpostutik kendu da Alvaro Sanchez Fernandez eta unibertsitateak bertan behera utzi du sinatutako lan-kontratua, langileak probaldia gainditu ez duelakoan", adierazi du EHUk ohar batean. Horrekin batera, lan-poltsatik kendu du.

Ehunka ikaslek irailaren amaieran ekin zioten Leioako Zuzenbide Fakultatean mobilizatzeari, Sanchezek zabaldutako mezu faxista, arrazista, klasista eta matxistak zirela-eta. Irakaslea bota zezala exijitu zioten EHUri, baina ikasleen protestak kriminalizatzea izan zen unibertsitate publikoaren lehen erantzuna. Horren ondoren, baina, jarrera aldatu eta berak kontratatutako faxistaren kontrako neurriak hartu behar izan zituen EHUk, gazteek egindako presioari esker. Azkenean, irakaslea kanporatzea erabaki behar izan du.

Sionistentzako armak igaro dira Algecirasko portutik, Espainiako Gobernuak ustezko blokeo bat saldu arren
Israelgo Estatuarentzako 1.185 bidalketa egin dituzte Algecirastik, bertan egin baitute eskala AEBetako gutxienez 25 itsasontzik. Besteak beste plaka blindatuak, ibilgailu blindatuak, ibilgailuen eta aireontzien piezak eta hegazkinen pneumatikoak bidali dizkiete sionistei. Azaroaren 9an eta 15ean, beste bi itsasontzik egingo dute eskala Cadizen.