AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

LIDL supermerkatutako langileek lanuzteak egin dituzte hainbat neurri eskatzeko

Ostegunean, Hego Euskal Herriko LIDL dendetako langileek lanuzteak egin zituzten 12:00etan eta 17:00etan. Krisialdi honetan izan duten gainkarga konpentsatzea eskatu dute, enpresak iragarritako ordainsariaren zein atsedenen bidez. Besteak beste, segurtasuna bermatuta izatea ere exijitu dute.

Ostegunean, apirilak 30, lanuzteak egin zituzten Hego Euskal Herriko LIDL supermerkatuetako langileek, erantzun handiarekin. Goizez zein arratsaldez izan ziren lanuzteak, ordu erdiz. Covid-19aren hedapenak sortutako larrialdia hasi zenetik, modu bortitzean areagotu da langileek jasan behar izaten duten lan karga, eta bajak ere izan dira.

Hala, krisialdi honetan haien lanpostuetan bizi duten egoera abiapuntutzat hartuta, hainbat eskakizun plazaratu dituzte LIDL dendetako beharginek: langileen segurtasun neurriak bermatuta egotea, bajak ordezteko langile gehiago kontratatzea, gehiegizko ahalegina orekatzeko atsedenak ematea, aparteko orduak ordainduak izatea, eta iragarritako konpentsazio-ordainsaria jasotzea.

Espainiako Estatu mailako sindikatuekin egindako negoziaketak oinarri, 160 euroko konpentsazioa aitortzeko asmoa erakutsi du enpresak, sektore bereko enpresek emandakoa baino baxuagoa dena. Aipatzekoa da, krisialdi hau hasi aurretik, Alemaniako supermerkatuak 171 milioi euroko irabaziak izan zituela Espainiako Estatuan, goranzko joera baten barruan. Mercadonaren atzetik, errentagarritasun handiena duen bigarren enpresa da sektorean.


Gizon batek bere borondatearen aurka atxikitu du emakume bat Villabonan
Erasotzaileak bere haurra zaintzeko kontratatu zuen emakumea, eta ondoren, Villabonako (Gipuzkoa) baserri batean atxikitu zuen. Heriotza mehatxuak egin zizkion.