AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

LQNTCDD berriz mobilizatu da, Martuteneko etxegabetze masiboaren aurkako manifestazio bat izaten ari zela probestuta

Ehunka lagun arrazakeria eta Martuteneko desalojoa salatzen ari ziren bitartean izan zen elkarretaratze erreakzionarioa, etorkinen aurkako "zigorrak" eskatuz eta diskurtso gogorrago batekin.

Atzo goizean hustu zuten Agustindarren eskola Martutenen (Gipuzkoa), bertan bizi ziren 100 lagun baino gehiago, gehienak gazte etorkinak, kale gorrian utziz. Etxegabetze masiboa salatzeko eta pertsona migratzaileek jasaten duten kriminalizazioa salatzeko, manifestazio bat egin zuten iluntzean egunka lagunek, Egiako epaitegitik hiriaren erdiguneraino.

Ehunka pertsona arrazakeriaren aurkako mobilizazio horretan egongo zirela probestuta, ordu bererako, deialdi paralelo bat egin zuen Lo que no te cuentan de Donostia (LQNTCDD) kanal erreakzionarioak, aurreikus zitekeen modura, euren gorroto-mezuak oposiziorik gabe kaleratu ahal izateko. Hala, jende ugari Inor ez kale egoeran. Arrazakeriaren aurrean antolatu lelopean izaten ari zen mobilizazioan zegoen bitartean, udaletxe aurrean elkarretaratu ziren hainbat pertsona, LQNTCDDren deiarekin bat eginez. Inpunitaterik ez. Delitua ez da negoziatzen, zigortu egiten da hartu zuten aldarritzat.

Ohi bezala, "segurtasun" faltaren eta "delinkuentziaren" aurkako erreibindikazioez baliatu zen kanal erreakzionarioa, pertsona etorkinak jopuntuan jartzeko eta haien aurkako mezuak zabaltzeko. Aldarri horien bueltan biltzen eta mugitzen ari direnen partetik, gainera, diskurtsoaren gogortze bat suma daiteke azkenaldian sareetan: gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da, segurtasuna eskatzearekin batera, migratzaileen kanporatzea eskatzea.

Desalojo masiboa Martutenen: 100 lagun baino gehiago etxegabetu dituzte
Polizia-dispositibo erraldoi baten bidez gauzatu dute desalojoa, eta lau pertsona atxilotu dituzte. Gaur-gaurkoz, kale gorrian jarraitzen du etxegabetutako pertsonen erdiak.