AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

M1 Langileontzat plataformak bat egin du GKSren salaketa kanpaina politikoarekin

'Burgesiaren ofentsiba gelditu!' salaketa kanpainarekin bat egiteaz gain, bizi dugun osasun-krisialdiaren aurrean hartu diren neurri politiko eta ekonomikoak izan ditu hizpide Donostialdeko M1 Langileontzat plataformak. Krisialdearen klase izaera salatu dute, eta langile klasearen askatasun politikoak defendatzeko premia nahiz klase modura antolatzeko beharra azpimarratu dituzte. Bestalde, Donostialdean ematen ari diren erasoen testigantzak biltzeko dinamika jarri dute martxan.

Donostiako (Gipuzkoa) M1 Langileontzat plataformak babesa adierazi dio Gazte Koordinadora Sozialistak Burgesiaren ofentsiba gelditu! izenpean martxan jarritako salaketa kanpaina politikoari. Plataformako kideek argitaratutako adierazpenean, bizi dugun osasun-krisialdiaren aurrean hartu diren neurri politiko eta ekonomikoak salatu dituzte.

Izan ere, plataformaren esanetan, osasuna bermatzea baino, galera ekonomikoak ahalik eta gehien murriztea dute helburu neurri horiek, goi burgesiaren interesak lehenetsiz. Gogoan izan dute orokortuak izan direla babes neurririk gabe lanera joatera derrigortuak izan diren langileen kasuak, kaleratzeak, langabezian geratu arren aurrerago etxebizitzaren alokairua ordaindu beharko dutenen kasuak, eta abar.

Hala, krisialdi honen klase izaera salatzeaz gain, etorkizun hurbil batean eman litekeen mundu mailako krisi ekonomiko baten atarian, burgesiak bere interesak defendatzeko mekanismo berriak probatzeko esparru bilakatu dela era adierazi du M1 Langileontzat plataformak. Mekanismo horien artean aipatu dituzte "kontrol sozialaren areagotzea, desinformazio masiboa, isunen areagotzea eta kaleen militarizazioa", besteak beste.

Kanpaina martxan

Salbuespen egoeraren ezaugarritzea ikusita, jopuntuan dauden langile klasearen askatasun politikoak defendatzeko premia nabarmendu dute plataformako kideek, baita klase modura antolatzeko beharra ere. Hortaz, bat egin dute GKSren dinamika berriarekin, eta egungo salbuespen egoeraren barruan Donostialdean ematen ari diren eraso horiek guztiak azaleratzeko eta salatzeko, kanpaina bat jarriko dute martxan. Horretarako, norbanakoen eta kolektiboen laguntza eskatu dute, testigantzak biltzen hasteko.

Itxita dauden zentroetara lanera joatera derrigortzen dituzte ehunka garbitzaile
Espainiako Gobernuaren dekretuan "funtsezko" modura sailkatu dituzte garbiketa-lanak, eta martxan ez dauden zentroetan ere lanean jarraitzera derrigortu dituzte ehunka garbitzaile Euskal Herrian. EHUn edota bigarren hezkuntzako ikastetxeetan azpikontratatutako langileek, esaterako, garbiketa-lanekin segitzen dute. EAEko hezkuntza eremuko garbitzaileek martxoan salatu zuten Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu zizkiela, beharginek abian zuten grebaldia zanpatuz.