AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Maccabik Gasteizen hitzartuta daukan partida bertan behera gera dadila eskatu du Palestinarekin Elkartasunak

Otsailaren 7an jokatuko du Baskoniaren kontra. Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi du Maccabi dela "Israelek kirol-munduan daukan ordezkari nagusia", eta "okupazio-armadaren aldeko publizitate-kanpainetan parte hartu" duela klubak.

Saskibaloiko Euroliga txapelketaren barruan, Baskoniaren kontra arituko da laster Maccabi Tel Aviv taldea. Israelgo Estatuak "kirol-munduan daukan ordezkari nagusia" otsailaren 7an etorriko da Gasteizera (Araba), Baskoniarekin indarrak neurtzeko, baina eskaera argi bat egin du Palestinarekin Elkartasunak: partida bertan behera gera dadila. "Israelekin harremanak normalizatzeak proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea ematen dio Israeli. Horregatik esaten dugu harremanak erabat eten behar direla, baita kirol-arloan ere", seinalatu du.

Palestinarekin Elkartasunak ohartarazi du Maccabik sarri jokatu duela Gasteizen, nahiz eta klubeko zuzendaritzak eta jokalariek urteak daramatzaten "Israelgo okupazio-armadaren aldeko publizitate-kanpainetan parte hartzen". Gogoan izan du, hala, Euskal Herrian ere izaten direla "Israelen presentzia normalizatzen duten hainbat ekimen". Adibide modura aipatu ditu Noa abeslari sionistak Bilbon (Bizkaia) emandako kontzertua, Israel Premier Tech txirrindularitza-taldearen parte-hartzea Arabatik igarotako Espainiako Vueltan eta Lizarrako (Nafarroa) GP Indurain lasterketan, eta abar.

Estatu terroristaren irudia garbitzeko saiakera

Israelgo Estatu terroristak argi esan izan du nazioarteko ekimenetan parte hartzea bultzatzen duela, bere "irudia hobetzeko eta kolonizazioarekin lotu dezatela saihesteko", Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi duenez. Kirol- eta kultur-ekimenetan esku hartuta, "estatu kolonialistaren existentzia normalizatzea eta herri palestinarraren aurkako krimenak estaltzea" lortzen dute sionistek, baita nazioartean "harremanak indartzea" ere. Plataformaren esanetan, Mendebaldeko erakundeek ez daukate "benetako interesik Israel ezegonkortzeko", eskualde horretan daukaten "bazkide nagusia" delako eta "Mendebaldeko Asia kontrolatzeko ezinbestekoa" delako.

Mobilizatzeko deia

Palestinarekin Elkartasunak aldarrikatu duenez, Mendebaldeko erakundeek eta bestelako entitateek sionistekin harremanak mozteko, beharrezkoak dira "antolakuntza eta mobilizazioa". Horri lotuta, Maccabik Gasteizen hitzartuta daukan norgehiagoka bertan behera gera dadin mobilizatzera deitu du: "Ezin dugu onartu genozidioa normalizatzen duen ekimenik, ez Euskal Herrian, ez inon". Israelgo Estatuaren "aurpegi garbiketaren" kontra eta Palestinaren askatasunaren alde, otsailaren 7an Gasteizera bertaratzera deitu du.

Greban daude gaur Avanzan eta Gipuzkoako arropa eta zapata dendetan
Avanzako langileek gaur amaituko dute hiru eguneko lanuztea. Gipuzkoako arropa eta zapata merkataritzako beharginek, berriz, gaur izango dute beste greba-egun bat, merkealdiak hastearekin batera: hamasei lanuzte egin dituzte dagoeneko.