AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Manifestazioa deitu dute Hondarribiko Gaztetxeko kideek, datorren martxoaren 21erako

Hondarribiko Gaztetxearen desalojoa dela-eta, mobilizazioa egingo dute hilaren 21ean, 'Elkartasuna antolatuz, gaztetxeak defendatu' lelopean. Ertzaintzak duela bi egun hustu zuen gaztetxea, Egiluz jauregian kokatuta zegoena. Desalojoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten arratsaldean herrian, eta goizean identifikatutako lau pertsonez gain, beste bi pertsona identifikatu zituzten. Horretaz gain, "autoritateari errespetu falta" leporatuta, gaztetxeko bi kideri isunak helaraziko dizkietela jakinarazi zieten ertzainek.

Hondarribiko Gaztetxearen desalojoaren harira, gaztetxeko kideek manifestazioa deitu dute martxoaren 21erako, larunbata. Correosetik hasiko da mobilizazioa 19:30ean, Elkartasuna antolatuz, gaztetxeak defendatu izenpean.

Ertzaintzak ostegunean, hilak 5, hustu zuen Hondarribiko Gaztetxea. Eraikinaren legezko jabe den Acción Católica taldeak martxan jarritako prozedura judizial berria zela-eta, gaztetxeko kideek abenduan jakinarazi zuten desalojo arriskuan zegoela Egiluz jauregia. Otsailean izan zuten hutsarazte aginduaren berri, eta polizia indarrek duela bi egun egikaritu zuten ebazpena.

Identifikazioak eta isunak

Eraikinaren hustearen ostean, arratsaldean ehun pertsona inguru elkartu ziren Gipuzkoa plazan, "desalojoa eta polizia indarren esku hartzea salatzeko, eta gaztetxearen aldeko aldarria kaleratzeko". Une horretan ere bertaratu ziren ertzainak, eta gaztetxeko hainbat kideri ohartarazi zieten hainbat isun ezarriko dizkietela, "autoritateari errespetu falta" egotzita.

Bestalde, elkarretaratzean parte hartu zuten bi lagun identifikatu zituzten, argazkiak atera eta bideoak grabatzeagatik. Goizean beste lau idenfitikatu izan ziren: desalojoaren unean gaztetxe barruan zeuden bi kideak, eta babesa helaraztera hurbildu ziren bi pertsona.

Jabetza eta borondatea

Arratsaldeko elkarretaratzean, gaztetxeko kideek adierazi zuten gaztetxea "eragile garrantzitsua" izan dela Hondarribian azken hamar hilabeteetan, eta auzitan jarri zuten nor den espazioaren jabea. Salatu zuten "jabetza pribatuaren izenean" gauzatu duela hutsaraztea Poliziak, baita Hondarribiko Udalak negoziaketarako "borondaterik" izan ez duela ere. Izan ere, gaztetxea mantentzeko aukerari dagokionean, udalak uko egin diola azaldu dute, "segurtasuna aitzakiatzat hartuta".

Gaztetxe proiektuaren "zilegitasuna" abiapuntu, haren "beharrezkotasuna" berretsi zuten asanbladako kideek, eta elkartasuna adierazi zieten desalojo arriskuan dauden Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotelari, Errotxapeako (Nafarroa) Gaztetxeari, eta atzo bertan hustua izan zen Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kaxilda gaztetxeari.

Atzo ere, aldarria presente

Bart, hilak 6, gaztetxearen aldeko bertso saioa izan zen Hondarribiko Olagarro elkartean, Aitor Sarriegi, Jon Gurrutxaga eta Egoitz Zelaia bertsolarien eskutik. Gaztetxeko kideek bertan egin zuten martxoaren 21ko manifestazioaren deialdia, eta eraikina birjabetu zuten unetik polizia indarrek izan duten "jarrera bortitza" salatu zuten; "desalojoa barne".

"Gaztetxea hurbil sentitu duen orok erantzuteko garaia heldu" dela nabarmendu zuten, eta mahai gainean jarri zuten "gaztetxeen arteko saretzea antolatzeko beharra".

Espazio bat lortzeko borroka berretsi du Aiztondoko Gazte Asanbladak
Atzo hustu zuten Kaxilda gaztetxea, eta gaur, haien "beharretara egokituko den espazio bat" exijitu diote Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek Zizurkilgo Udalari. Agerraldi bidez, iazko apirilean eraikina birjabetu zutenetik udalarekin izan duten harremanaren bilakaera azaldu dute gazteek, eta haren "borondate politiko eza" salatu dute. Jasan duten prozedura judizialaren berri ere eman dute prentsaurrekoan. "Argi utzi nahi dugu borrokan jarraituko dugula, gaztetxeak beharrezko tresna ditugulako gazte langileok antolatzeko", gaineratu dute.