AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

'Manifestua' ikuskizunaren birari amaiera eman dio Ekidak

Martxoan estreinatu zen Ekida sozialiston kultur ekimenak sustatutako lehenengo proiektua, eta sei emanaldi egin dituzte guztira. "Ekidaren asmoak eta posizioak, kantuen, poemen eta narrazioen bitartez" adierazi nahi izan dituzte, eta balorazio ona egin dute emaitzaz eta izandako harreraz.

Ekida kultur ekimen sozialistak martxoan estreinatu zuen Manifestua, literaturaren, musikaren eta eszenografiaren diziplinak uztartzen dituen ikuskizuna. Ekimenaren aurkezpen gisa har daitekeela azaldu dute, eta "izen bereko agiriek nola" adierazi nahi dituela ikuskizunak ere "Ekidaren asmoak eta posizioak, kantuen, poemen eta narrazioen bitartez". Ordubete bueltako emanaldia "talde osoaren lan militantearen" emaitza izan dela esan dute, "ez soilik taula gaineko musikariena eta narratzaileena, baita lan teknikoaz eta antolakuntza-lanez arduratu direnena ere".

Gasteizko (Araba) Herri Unibertsitate Nazionalean taularatu zuten estreinakoz ikuskizuna, eta ordutik beste bost emanaldi eskaini dituzte maiatzetik uztailera bitarte: Elorrioko (Bizkaia) Arriola antzokian, Gasteizko Ibaiondo Gizarte Etxean, Azkoitiko (Gipuzkoa) Baztartxo antzokian, Berriozarko (Nafarroa) Musika Eskolan eta Irisarriko (Nafarroa Beherea) EHZ jaialdian.

Ekidak adierazi du "gustura" daudela emaitzarekin eta izandako harrerarekin. Izan ere, "aurrera begirako esperientzia hartzeko" ere balio izan die ikuskizunak.

Aurrera begira, gehiago

Ekida kultur ekimen sozialistak adierazi du bere helburua dela "politika sozialistari artearen esparrutik" ekarpena egitea, "hainbat arte-diziplinatan proiektuak eta lan-lerroak sustatuta eta baliabideak antolatuta arte sozialistaren garapenerako". Zentzu horretan, Ekidak sustatutako lehenengo proiektua izan da Manifestua, baina adierazi dute bide horri jarraituko diotela.

Behin Manifestuaren bira amaitutzat emanda, ikuskizunaren edukiak sareetan zabalduko dituztela jakinarazi dute eta "buru-belarri" jarriko direla "proiektu berrietan lanean, baita webgunearen garapenean ere".

Hasi da 13/13 sumarioan auzipetutakoen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean
Printzipioz, bihar deklaratuko dute '13/13' sumarioan auzipetutako zortzi abokatuetatik zazpik. Prozesu judizialean "irregulartasunak" izan direla eta akusatuak 2010ean atxilotu zituztenetik "eskubide urraketak" jasan dituztela gogorarazi dute gaurkoan; tratu txarrak eta tortura salatu zituzten batzuek, baita legez kanpoko telefono-entzuketak nahiz jarraitzeak ere.