AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Martxoan gutxienez 14.364 langile sartu dira langabezian Hego Euskal Herrian

Martxoaren bukaeran, 165.578 langabetu zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Azken hilabetean, gutxienez 14.364 langile gehiago geratu dira langabezian, eta datuen arabera, aldi baterako kontratudunak dira asko. Covid-19ak sortutako krisia dela-eta, lantegi askori agindu zaie momentuz jarduna geratzeko. Hala, besteak beste, langileak kaleratu edota kontratu ugari eten dituzte enpresek. Langabezia-tasa, orokorrean, handiagoa da emakume langileen artean.

Espainiako Lan Ministerioak kaleratutako azken datuen arabera, martxoaren amaieran 165.578 langabetu ziren Hego Euskal Herrian, otsailean baino 14.364 gehiago. Langabezia-tasa, beraz, %12,3ra igo da. Azken hamarkadetan hilabete bakar batean atzeman duten hazkunderik nabarmenena izan da.

Antza, aldi baterako kontratudunak izan dira azken asteetan kaleratutako langile asko, haien kontratu ugari ez direlako berritu. Dena den, langabezia-tasa kalkulatzean, ez dituzte barne-bildu aldi baterako enplegu erregulazio txostenen eraginpean dauden langileak. Atzo kazeta honetan jaso genituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian 151.785 langile dira gutxienez lan erregulazio txostenen eraginpean dauden langileak.

Emakume langileen artean (%14,3), orokorrean, gizonezko langileen artean (%10,5) baino altuagoa da langabezia-tasa.

Bestalde, Berria-k jaso duenez, adinekoen egoitzetan izan ezik, sektore guztietan egin du gora langabeziak azken hilabetean. Hala ere, badira bereziki kolpatuak izan diren hainbat alor, ostalaritza edota janari eta edari banaketa, kasu.

Itxita dauden zentroetara lanera joatera derrigortzen dituzte ehunka garbitzaile
Espainiako Gobernuaren dekretuan "funtsezko" modura sailkatu dituzte garbiketa-lanak, eta martxan ez dauden zentroetan ere lanean jarraitzera derrigortu dituzte ehunka garbitzaile Euskal Herrian. EHUn edota bigarren hezkuntzako ikastetxeetan azpikontratatutako langileek, esaterako, garbiketa-lanekin segitzen dute. EAEko hezkuntza eremuko garbitzaileek martxoan salatu zuten Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu zizkiela, beharginek abian zuten grebaldia zanpatuz.