AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Mendebaldeko gobernuek eta enpresek sionismoarekin duten konplizitatea salatu dute milaka lagunek Goierrin

Ordiziatik Beasainera joan dira manifestazioan milaka pertsona, palestinar erresistentziari beste behin ere babesa emateko, eta "Israelgo entitate sionista egiten ari den genozidioa" salatzeko. Gurera begira jarrita, CAF enpresa seinalatu dute nagusiki: "palestinar lurren okupazioan eta kolonizazioan duen erantzukizuna" azpimarratuta, "Palestinatik behin betiko alde egin" dezala exijitu diote. Antolatzaileek aldarrikatu dute "entitate sionistaren desagerpenaren eta deskolonizazio prozesu integral baten eskutik" baino ez dela lortuko Palestina askatzea.

Beste behin ere, milaka lagun bildu dira Euskal Herrian, mobilizazio baten bidez, palestinar erresistentziari babes osoa adierazteko, eta "Israelgo entitate sionista" palestinarren kontra egiten ari den sarraskia gaitzesteko. Oraingoan, Goierrin izan da manifestazioa: Ordiziatik (Gipuzkoa) hasi eta Beasaineraino (Gipuzkoa) eraman ditu aldarri horiek jende andanak. Gaur, gainera, azpimarra berezia egin diote "Mendebaldeko gobernuek eta enpresek sionismoarekin duten konplizitateari": batez ere, Goierriko CAF enpresa jarri dute jopuntuan, eta horregatik egin dute mobilizazioa eskualde horretan.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatu du manifestazioa, eta exijentzia argi bat egin dio CAFi: "behin betiko Palestinatik alde egin" dezala eta bertan behera utz dezala Jerusalemen trenbide-sare bat eraikitzeko daukan proiektua. Hala, euskal enpresa horrek "palestinar lurren okupazioan eta kolonizazioan duen erantzukizuna" seinalatu dute: "Palestinan eraikitzen ari den tranbiaren bitartez, palestinarren jabetzak konfiskatzen, Jerusalemgo auzoetatik palestinarrak kanporatzen eta kolonoen hedapena errazten ari dira".

Eta ez soilik CAF: plataformako kideek gogorarazi dute Euskal Herriko beste enpresa batzuek ere erantzukizun zuzena dutela Palestinaren kolonizazioan; hala nola, M Torres, Sener, ITP Aero edo Sapa armagintza enpresek. "Euskal alderdiek eta instituzioek horrenbeste goresten duten euskal enpresa ereduak irabazi ekonomikoak lehenesten ditu beste edozeren gainetik, eta, gurean ere, enpresari handiek Europar Batasunaren eta NATOren rol inperialistari esker betetzen dituzte poltsikoak", nabarmendu dute.

Gobernuak ere konplize

Mendebaldeko gobernuei begira ere jarri dira gaurkoan, sionisten konplize eta "genozidioaren erantzule" direla oroitarazi baitute; hala nola, Espainiako eta Frantziako gobernuak, Nafarroakoa, Eusko Jaurlaritza edota Ipar Euskal Herriko erakundeak. Eta ez diete gobernuei bakarrik egin erreferentzia: "horiek babesten dituzten ezker-eskuineko alderdi politikoak" ere erantzule egin dituzte. "Instituzio horietatik bakearen alde egiten diren adierazpenak paper errea baino ez dira, palestinar erresistentzia kriminalizatzen eta entitate sionistarekin harreman ekonomikoak, politikoak eta militarrak izaten jarraitzen duten bitartean".

"Mendebaldeko bloke inperialistarentzat, entitate sionista Ekialde Hurbilean bere interesak ziurtatzeko ezinbesteko pieza da; eta, era berean, entitate sionistak ezin du iraun Mendebaldeko estatuen laguntzarik eta konplizitaterik gabe", atera du mahaira. Horregatik guztiagatik, iritzi dio ezinbestekoa dela "konplizitate horiek guztiak salatzea eta borrokatzea".

Konponbidea: entitate sionistaren desagerpena eta deskolonizazioa

"Egunetik egunera, larriagotu egiten da Palestinako egoera. Israelgo Armadaren bonbardaketek, Gazako lur-inbasioak eta Zisjordaniako herri okupatuetan egunero kolonoek gauzatzen dituzten erasoek ez dute etenik. Historian aurrekari gutxi dituen genozidio baten aurrean gaude" adierazi dute gaur, kezkaz, antolatzaileek. Gogoan izan dute, gainera, "larria" dela "sarraskia Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetara hedatzeko arriskua", eta uste dute horren adierazle direla sionistak Libano hegoaldean egiten ari diren erasoak, edo Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak Yemenen abiatutako operazioa.

Eta konponbide batez hitz egiten jarrita, ozen esan du Palestinarekin Elkartasuna plataformak: "kolonizazioan eta apartheidean oinarritzen den entitate sionistaren desagerpenetik eta deskolonizazio prozesu integral baten eskutik" baino ez da lortuko Palestina askatzea. "Palestinaren askatasuna ez da etorriko Israel legitimatzen duen nazioarteko komunitate deiturikoaren eskutik, baizik eta klase eta herri zapalduen arteko elkartasun eta antolaketa internazionalistarenetik", erantsi du.

Beraz, horri lotuta, gaurko manifestazioaren amaieran berriz deitu dute "Euskal Herrian sionismoaren adierazpen guztien aurka borrokatzera, eta erresistentziarako eskubide osoa duen palestinar herriari gure elkartasun aktiboa adierazten jarraitzera".

Bilboko Udalak pertsona bat etxegabetu du Txurdinagan
Udaltzaingoak gauzatu du kaleratzea gaur goizean. Kaleratzearen kontra protesta egitera deitu du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak; Ertzaintzaren kargak izan dira, eta pertsona bat atxilo eraman dute.