AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Metano ihesak topatu dituzte Gasteizko eta Durangoko Enagasen gasbideetan

Errioxako, Gaztela Leongo, Kantabriako eta Asturiasko beste hiru gunetan ere aurkitu ditu ihesak Ekologistak Martxanek. Airea metanoz kutsatzeak, "larrialdi klimatikoa larriagotzeaz gain, lurreko ozono kapa sorrarazten" duela azaldu du, "eta horrek milaka heriotza eragiten" dituela urtean, "arnasketa arazoengatik eta bihotzeko gaixotasunengatik".

Metano isuriak topatzeko ikerketa bat egin du berriki Ekologistak Martxan taldeak. Gasaren irudiak hartzen dituen kamera bat erabili du horretarako, eta Hego Euskal Herriko, Errioxako, Gaztela eta Leongo, Kantabriako eta Asturiasko 21 gas eta petrolio instalazio aztertu ditu guztira. Horietatik hamarretan identifikatu dituzte metano ihes "esanguratsuak"; tartean, Durangon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba).

Gasteizen gasa garraiatzeko dagoen zentroko isuriak jo ditu "bereziki kezkagarritzat", hamabost ihes-puntu aurkitu baitituzte balbula, hodi nahiz neurgailuetan, metano-emari "handi eta jarraituak" direnak. Gainera, zenbait azpiegitura "hautsita eta herdoilduta" daudela ere azaldu du Ekologistak Martxanek. Bestalde, Durangoko transmisio guneari lotuta, azpimarratu du metanoa zuzenean atmosferara haizatzen dutela hango enpresek.

Airea metanoz kutsatzeak, "larrialdi klimatikoa larriagotzeaz gain, lurreko ozono kapa sorrarazten" duela ohartarazi du Ekologistak Martxanek. Horrek, hain zuzen, "milaka heriotza eragiten ditu urtero, arnasketa arazoengatik eta bihotzeko gaixotasunengatik".

Taldeak jakinarazi du, gainera, Europara doazen gasbideen edukiera %18 handitu duela azkenaldian Espainiako Estatuak, eta horren harira eraiki dutela, esaterako, Irungo (Gipuzkoa) instalazio berria. "Gasa lantzeko ahalmen handiagoak, arrisku gehiago dakar", ondorioztatu du Ekologistak Martxanek.

Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa sortu du GKSk
Gazte problematikari lotutako hamabi aldarrikapen zehatz egin ditu programa horren bidez, bost auziren inguruan: gazteen lan-merkatua, oinarrizko bizi-bitartekoak, kultur industria, hezkuntza eredua eta eskubide politikoak izan ditu hizpide. "Eskubideen aldeko dinamika, formakuntza eta borroka-prozesuak irekitzeko borondatea" duela jakinarazi du.