AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Migratu nahian ari ziren 30 pertsona desagertu dira Libiako kostaldean

Libiatik irten ziren 47 pertsona txalupa batean, baina itsasoa zakar jarri eta ontzia irauli zenean, ez Italiako ez Libiako autoritateek ez zuten esku hartu. Desagertuta daude 30 lagun.

Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak larunbat goizaldean jaso zuen abisua: Libiako kostaldean, Bengasi hiritik 177 kilometrora, noraezean zegoen txalupa bat. Itsaso bidez migratu nahian ari ziren 47 pertsona zihoazen ontzian, baina itsaso zakarra zela-eta, arrisku bizian zeuden. Libiako, Italiako nahiz Maltako kostazainei eman zien abisua Alarme Phonek, baina ez zuten esku hartu: merkataritza-ontzi batek lortu zuen azkenean migratzaileetako hamazazpi erreskatatzea. Gainontzeko 30 lagunak itsasoan galdu eta desagertu dira.

Teorian, Libiari dagokion erreskate-eremuan zegoen txalupa, baina herrialde horretako autoritateek ez zuten esku hartu arriskuan zeuden migratzaileei laguntzeko. Alarme Phonek seinalatu du, dena den, Italiako autoritateek ere ez zutela ezer egin jakinaren gainean egon arren. Hortaz, ez zen inolako erreskaterik egon ez batzuen ez besteen partetik.

Joan den otsailaren amaieran, beste sarraski bat izan zen Mediterraneoan; Italiako Calabria eskualdean, hain justu. 200 pertsona inguru zeramatzan ontzi bat bitan zatitu zen, eta, azken kalkuluen arabera, gutxienez 79 lagunek galdu zuten bizia.

Silicon Valley Banken hondoratzeak alarmak piztu ditu AEBetan
"2008 osteko finantza-arrisku handienaz" ohartarazi dute. Diru-deposituak salbatu nahian ari da Washington, astebetean Silicon Valley Bank eta Signature Bank erori ostean. Finantza autoritateek "konfidantza krisia hedatzea" saihestu nahi dute.