AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Migratu nahian ari ziren 48 pertsonak desagertuta jarraitzen dute El Hierro inguruan

80-90 lagun zihoazen ontzian, eta duela hainbat egun urperatu zen. Momentuz, 27 pertsona erreskatatu dituzte, eta bederatzi lagun aurkitu dituzte hilik. Azken hiru hamarkadetan Kanarietan izan den sarraskirik handiena da.

Gutxienez 48 pertsona migrantek jarraitzen dute desagertuta El Hierro uharte inguruan, Kanarietan. Itsasontzi berean zihoazen guztiak: hondoratzen hasi eta galdu egin zen duela lau egun.

Itxura denez, 80 eta 90 lagun artean zihoazen ontzian. Itsas-salbamenduak atzeman zituenean, erreskate-lanei ekin zienean eta barruan zihoazen pertsonak altxatu zirenean, irauli egin zen itsasontzia. Urperatzen hasi zen, eta uretara jausi ziren guztiak.

27 pertsona besterik ez zituzten erreskatatu itsas-salbamendukoek, eta, aurrerago, bederatzi pertsona aurkitu zituzten hilik. Aurrera doaz bilaketa-lanak El Hierro inguruan, baina, momentuz, ez dituzte desagertutakoak topatu.

Hilketarik handiena 2009tik

Azken ia 30 urteetan Kanariar uharteetan erregistratu den sarraskirik handiena izango litzateke honakoa. Horren aurretik, 2009koa da erregistroetan jasotako heriotzarik masiboena. Urte horretako otsailean, Kokoteroen kostatik (Guatiza, Lanzarote) hurbil hondoratu zen ontzi bat: 31 lagun zihoazen bertan, eta horietatik 25ek galdu zuten bizia.

Urteko lehenengo zazpi hilabeteetan, gutxienez 1.542 pertsona hil edo desagertu dira Europara itsasoz heldu nahian. Bai kopuru absolutuetan bai portzentajeei erreparatuta, Kanarietara doan migrazio-bidea ari da izaten hilgarriena: ACNURek emandako datuen arabera, 31 lagunetik bat hil dira ibilbide horretan.

Libanora lurretik sartu dira Israelgo Estatuko indarrak
Badirudi atzo igaro zutela Lerro Urdina hainbat soldaduk, baina operazio "mugatu eta selektibo" bati buruz hitz egin nahi izan dute sionistek eta beren aliatuek. Erasoaldiari aurre egitea lortu du Hezbollahk. Azken bi asteetan milaka libanoar erail eta zauritu dituzte sionistek bonbardaketetan, tartean, Hezbollahko hainbat buruzagi. Libano, Yemen, Palestina eta Siria aldi berean bonbardatzen ari da Israelgo Estatua.