AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Migratzen ari ziren bost lagun hil eta beste 28 desagertu dira Tunisiako kostatik gertu

Itsasontzi batean zihoazen, Italiara heltzeko asmoz. Kostaldetik hurbil irauli da ontzia, eta bost pertsona baino ezin izan dituzte erreskatatu.

Atzo izan zen ezbeharra Tunisiako kostatik gertu, Sfarx hiriaren hegoaldean: Italiara bidean zihoan itsasontzi bat irauli zen, eta uretara erori ziren migratu nahian ari ziren ia 40 pertsona. Itota hil diren bost lagunen gorpuak atera dituzte jada, eta beste bost pertsona erreskatatu dituzte Tunisiako kostazainek. Ontzian zihoazen beste 28 migratzaileek, baina, itsasoan desagerturik jarraitzen dute.

Dirudienez, gero eta gehiago dira Tunisiako Sfarx hiritik irten eta, Mediterraneoa gurutzatuta, Europara iristen saiatzen ari diren pertsonak. Tunisian areagotu egin dira Afrikaz hegoaldeko errefuxiatuak atxilotzeko polizia-operazioak; otsailetik, 840 atxiloketa zenbatu dituzte Mugarik Gabeko Abokatuek. Kais Saied presidenteak berak agindu die polizia-indarrei Tunisian "legez kanpo" sartzen den migratzaile oro kanporatzeko. Herrialdean euren egoera erregularizatu gabe zeukaten pertsona askok egin behar izan dute ihes handik, beraz.

Horri lotuta, Afrikako migratzaileen kriminalizazioa indartu du Tunisiako Gobernuak. "Legez kanpoko etengabeko migratzaile oldeen ezkutuko helburua da Tunisia herrialde erabat afrikarra bilakatzea, estatu arabiar eta islamikoekin harremanak etenez", adierazi zuen presidenteak joan den otsailean.

German Rodriguezen omenezko oroitarriari eraso diote Iruñean
Oroitarriak daukan plaka kentzen saiatu da nor edo nor, eta apurturik dago. Rodriguez Espainiako Poliziak erail zuen 1978ko sanferminetan, tiroz.