AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Milaka ikasle batu dira hezkuntzako mobilizazioetara Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean

Solasaldi, elkarretaratze zein manifestazio jendetsuak izan dira Euskal Herriko hezkuntza eremuan ere. Unibertsitateetan UIBren eta tokian tokiko emakume taldeen deialdiak izan dira. Bigarren hezkuntzan, aldiz, IAk ekimen ugari egin ditu hainbat ikastetxetan. "Emakume langileen interesen defentsa" berretsi dute ikasle mugimenduko eragileek.

Ikasle mugimenduak kaleak eta hezkuntza zentroak hartu ditu aurtengo Martxoaren 8an ere, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izaki. "Emakume langileen interesen defentsa" egin dute hainbat eragilek, hamaika txokotako ikastetxeetan nahiz unibertsitateetan.


Hego Euskal Herriko campus nagusietan, adibidez, Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) nahiz Lorratz, Arrakala, GUET, Bilbouniko Emakume Taldeen Koordinadora eta Akelarre aritu dira manifestazioak antolatzen eta hauspotzen. Berdintasunaren itxurakeriaren aurrean, ekin antolakuntzari lelopeko pankarta zeramaten manifestaldi guztiek.


Bigarren hezkuntzako dozenaka ikastetxetan Ikasle Abertzaleaken egitarauak gauzatu dira gaur, mobilizazio eta formakuntza-saioekin. Bertan, "emakume langilearen auzia" landu dute ikasleek, bai eta euren aldarria kalera atera ere: Emakume langileon interesen defentsan, ikasleok antolatu!

Itaiak mobilizazioak egingo ditu gaur eta bihar hainbat hiriburu eta herritan, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira
Besteak beste, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean deitu du mobilizatzera Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak. 'Emakume langileon interesen defentsan, lege burgesa borrokatu' izango dute aldarri Martxoaren 8ari lotuta. "Zapalkuntza mantentzen duen lege burgesaren zein haren borondatea adierazten duten agenteen aurkako borroken" garrantzia nabarmendu dute Itaiako kideek, eta berretsi egin dute "emakume langileon arteko elkartasuna eraikitzeko, geure bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko, eta horretarako gaitasun politikoak garatu eta horiek antolakuntza komunistaren baitan txertatzeko" lanean jarraitzeko konpromisoa.