AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Mobilizazioak deitu ditu Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformak datorren larunbaterako

Hilaren 8rako egun osoko egitaraua antolatu du Iruñerriko apustu etxeen kontrako plataformak: mahai-ingurua, zutabeak tokian toki, eta mobilizazio bateratua. Auzo zein herrietako plataformek aurreko abenduan jarri zuten martxan Iruñerria mailako koordinazioa, eta ordutik, plataforma gehiago ere eratu dira. Datorren larunbatekoa izango da aurreneko ekimen bateratua.

Larunbat honetarako, otsailak 8, egun osoko egitaraua antolatu du Iruñerriko (Nafarroa) apustu etxeen kontrako plataformak. Mahai-inguru batekin hasiko dute eguna, 12:00etan Alde Zaharreko Plazaran. Apustu etxeen auzia lantzeko saioa izango da, eta gaia kokatzeko gakoak eman asmoz irekiko dute espazioa. Arratsaldean, aldiz, mobilizazioak egingo dituzte: lehenengo, zutabeak irtengo dira Iruñerriko auzo eta herri ezberdinetatik, eta Gaztelu plazan elkartuko dira guztiak 18:00etarako, manifestazio bateratua egiteko.

Hilabeteak borrokan

Iazko abendua hasieran jaio zen Iruñerriko apustu etxeen kontrako plataforma. Iruñerriko hainbat auzo eta herrietako eragileak batu ziren bertan; hala nola, Ermitagaña eta Mendebaldeko plataforma, Berriozarrekoa, Barañaingoa, Burlatakoa, edota Huartekoa. Tokian toki garatutako indarrak sendotzeko asmoa jarri zuten erdigunean, apustu etxeen aurkako mugimendua eskala handiagoan osatzeko.

Azken hilabeteetan plataforma ugari sortu dituzte Iruñerrian, apustu etxe berrien etengabeko zabaltzea dela-eta. Plataforma horiek tresna, hilabeteotan hamaika ekimen izan dira eskualdean; besteak beste, hitzaldiak, elkarretaratzeak zein manifestazioak. Esaterako, iragan larunbatean, otsailak 1, Ermitagaiña-Mendebaldea auzoetako bizilagunek elkarretaratzea egin zuten, eta urtarrilaren 18an, manifestazio jendetsua izan zen Berriozarren, bertako plataformaren eskutik.

Pauso berriak

Datorren larunbateko ekimenei begira, aste honetarako hainbat hitzaldi prestatu dituzte Iruñerria osoan, apustu etxeen problematika aztertzeko, plataforma bateratua aurkezteko, eta mobilizaziorako deia egiteko. Aurreko ostiralean, urtarrilak 31, batzar informatiboa egin zuten Huarten, eta aste honetan, hitzaldiak egongo dira:

  • Barañainen, asteazkenean, hilak 5, 19:00etan gaztetxean.
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoan, asteazkenean, hilak 5, 12:00etan 04 gelan.
  • Burlatan, ostegunean, hilak 6, 18:00etan Axular elkartean.
  • Alde Zaharrean, ostegunean, hilak 6, 18:00etan Plazaran.
Behargin bat eraila Galdakaon, urteko hamargarrena gutxienez
Galdakaoko GHI Hornos Industiales lantegian, pieza batek azpian hartu du 40 urteko langile bat, eta bertan hil da. Urtea hasi zenetik, gutxienez hamar langile erail dituzte haien lanpostuetan.