AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Morazako eraikin okupatuan bizi ziren 32 gazteen etxe kaleratzea salatu dute Donostian

Ertzaintzak abuztuan hustu zuen etxerik gabeko 32 gazte etorkinek okupaturiko eraikin bat, Donostiako Moraza kalean. Gazte bat atxilotu eta beste zortzi atxiki zituzten, eta kanporatze agindua ezarri zieten horietatik zazpiri.

Iragan larunbatean, abuztuak 31, agerraldia egin zuten Donostiako Harrera Sareak eta Modahara kolektiboak, Donostiako (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean. Hala, Moraza kaleko eraikin baten hustea eta horretarako martxan jarritako polizia operazioa gaitzetsi zituzten.

Abuztuaren 19an izan zen etxe kaleratzea. Eraikin okupatuan bizi ziren 32 gazte etorkinak kaleratu zituen Ertzaintzak. Desalojoa salatzeko, dozenaka lagun bildu ziren etxebizitzaren inguruan. Protestan ari zen gazte bat atxilotu zuten ertzainek, "agintzaritzari jarkitzea" egotzita. Bestalde, etxean bizi ziren zortzi pertsona ere atxiki zituzten, eta Espainiako Polizia Nazionalaren esku utzi zituzten gero. Horietako zazpiren aurkako estradizio prozesuak abiatu zituzten, eta beranduago, kanporatze agindua ezarri zieten.

Kanporatze agindu horiek direla-eta, Donostiako Harrera Sareak eta Modaharak nabarmendu dute "euren eskumena ez den eremu batean sartu" zela Donostiako Udaltzaingoa, Espainiako Atzerritarren Lege "arrazista" bideratuz. Bestalde, azaldu zuten gaur egun ere kaleratutako gazteak jazartzen dituela poliziak.

Ia urtebete Morazan bizitzen

Gazte horiek hamar hilabete inguru egin dituzte Moraza kaleko eraikinean bizitzen, eta guztira, 50 gazte inguruk izan dute etxebizitza modura. Ez dute urik edota argirik izan azken hilabeteetan, eta etengabeko jazarpen poliziala salatu dute.

Ekainean baimen judizialik gabe sartu zen Ertzaintza eraikinean, Donostiako Udaltzaingoaren laguntzarekin. Goitik behera miatzeaz gain, hiru gazte atxilotu zituzten, eta zaurituak ere izan ziren. Orduan, 45 gazte bizi ziren bertan.

Hiru gizonezkok emakume bat bortxatu dute Larresoron
Larunbatetik iganderako gauean izan zen bortxaketa, Larresoroko jaietan. Erasotua izan zen emakumeak igande goizaldean jarri zuen salaketa.