Mugimendu Sozialista, Espainiako Estatuko Fiskaltzaren urteko memorian
Fiskaltza Nagusiaren 2022ko txostenak "terrorismo nazionala" izeneko atalean aipatu du Mugimendu Sozialistaren artikulazioa. "Kontseilu Sozialisten sorrerarekin mobilizazio- eta antolakuntza-gaitasuna irabazi dute eskualdeetan", dio botere judizialeko organoak. "Izaera independentistako biolentzia erradikala 2021. urtean igo izana" ere leporatzen dio, zeharka.
Mugimendu Sozialista "mehatxu terroristatzat" jotzea gutxi balitz, atal berean, "izaera independentistako kaleko biolentzia erradikalaren igoera" bat izan dela ere nabarmentzen du Fiskaltzak Hego Euskal Herriari dagokionez. Ekintza horien ardura Mugimendu Sozialistari dagokiola iradoki eta hura "terrorista" deiturarekin kriminalizatu du, beraz.
Ministerio Fiskalaren barruan kokatzen da Fiskaltza Nagusia, eta, besteak beste, botere judizialari zigor-arloko prozesuak irekitzeko salaketa publikoak aurkezteaz arduratzen da. Funtzio horri lotuta, "ordena konstituzionalaren aurkako mehatxuen azterketa" bat egiten du urte judizial bakoitzaren hasieran. Txosten hori Espainiako estatuburuaren esku uzten du Fiskaltzak; alegia, erregearen esku. Oraingoan, Alvaro Garcia Ortiz izan da erregeari txostena aurkeztu diona; abuztu hasieran hartu zuen Fiskaltza Nagusiko kargua, datozen lau urteetarako.