AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Mugimendu Sozialistak txosna izango du Lesakan

Lesakako txosnagunean ere beto politikoa ezarri diote Mugimendu Sozialistari, baina GKSk eta IAk jakinarazi dute txosna bat jarriko dutela San Fermin jaietan.

Mendialdeko Gazte Koordinadora Sozialistak ekain hasieran salatu zuen Lesakan (Nafarroa) ere beto politikoa jarri diotela Mugimendu Sozialistari, San Fermin festetan txosna bat jartzea ukatuz. GKSko kideek azpimarratu dutenez, "Sortuk eta EH Bilduk sostengaturiko kanporaketa bat izan da, Mugimendu Sozialistaren aurkako erasoei jarraipena eman" diena.

Dena den, GKSk eta IAk azaldu dute txosna bat jarriko dutela Lesakan San Fermin jaietan, beto politikoaren eta "Mugimendu Sozialista zokoratzeko ahaleginen gainetik". Aldarrikatu dute "eragile guztiek" izan beharko luketela "txosna jartzeko eskubidea".

Hainbat dira Euskal Herrian barrena Mugimendu Sozialistari jarri zaizkion beto politikoak, txosna jartzeko aukera ukatuta. Esaterako, Lazkaon (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Hernanin (Gipuzkoa), Deustun (Bilbo, Bizkaia) nahiz Egian (Donostia, Gipuzkoa) gertatu da hori. Hernanin ere, Lesakan bezala, betoari aurre egitea eta txosna bat jartzea erabaki zuten Mugimendu Sozialistako kideek.

"Atzokoa ez zen errutinazko miaketa bat izan"
Atzo, 20:45ean, Espainiako Poliziaren Informazio Brigadak operazio bat egin zuen Mugimendu Sozialistaren Iruñeko tabernan, errutinazko droga miaketa baten aitzakiapean. "Informazioa lortzea, militanteak beldurtzea eta tabernaren irudia kaltetzea" zuten helburu, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak salatu duenez. Estatuaren jazarpen eta mehatxuen aurrean, "klase elkartasuna" aldarrikatu du, eta jakinarazi du Kalixtoko egitarauarekin aurrera egiteko asmoa duela.