AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Nafarroako garbiketa sektoreko langileek grebara joko dute hilabete honetan

Patronalak langileek lan-hitzarmenari lotuta egindako eskakizunak bete ezean, mugagabea izan daiteke greba, ohartarazi dutenez. Momentuz, apirilaren 13tik 16ra luzatuko dituzte lanuzteak.

Murriztutako lanaldien handiagotzea ahalbidetuko duen klausula bat, ordainketen KPIaren gaineko igoera, baja-osagarriak eta horien ordainketa osoa berreskuratzea... Horiek dira, besteak beste, Nafarroako garbiketa sektoreko beharginek egindako eskaerak, oraindik adosteke dagoen lan-hitzarmenari dagokionez. Patronalak, baina, eskakizunak onartu beharrean, "mahai negoziatzailetik altxatzeko" hautua egin zuen pasa den otsailaren 4an.

Beharginek, beraz, grebara joko dute hilabete honetan. Oraingoz apirilaren 13tik 16ra egingo dute greba, baina jakinarazi dute luzatu egin daitezkeela lanuzteak eta mugagabe bilaka daitekeela greba deialdia, patronalak haien eskaerak bete ezean.

Langileek nabarmendu dute "pandemiaren hasieratik lehen lerroan egon den ezinbesteko sektorea" izan dela garbiketarena eta, besteak beste, osasun-zentroak, ospitaleak nahiz medikalizatutako hotelak garbitzen jardun dutela urte honetan. Lan horiek zein baldintzatan bete behar izan dituzten azaldu dute, gainera: izan ere, "ziurgabetasunezko une batean" eta "norbera babesteko ekiporik gabe" aritu behar izan dira sarri.

Hala, hastear diren lanuzteak direla-eta, "elkartasuna, ulermena eta solidaritatea" galdegin dituzte.

Gutxienez 172.508 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian
Martxoan 494 langabetu gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herriko enplegu-zerbitzuetan. Azken hamabi hilabeteetan Nafarroan izan da langabeziaren gorakadarik handiena: 5.122 langabetu erregistratu dira.