AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Netanyahuk aitortu du sionistek egin zutela gailu elektrokikoen erasoa Libanon

Irailean izan zen bi olatudun erasoa: 40 lagun erail eta 3.500 zauritu zituzten. Israelgo Estatuko inteligentzia-zerbitzuek ezkutatu zituzten lehergaiak Libanora bidalitako milaka gailutan.

Egiletza nahikoa argi baldin bazegoen ere, Israelgo Estatuko lehen ministro Benjamin Netanyahuk oraintsu onartu du gailu elektronikoen bidezko atentatua sionistek egin zutela. Irailaren 17an eta 18an izan zen erasoa, bi olatutan. Batez ere Libanon, ehunka pertsona-bilagailu leherrarazi zituzten lehenengo, urrutitik. Gero, bigarren olatu batean, beste hamaika gailuk egin zuten eztanda; hala nola walkie talkie, telefono mugikor, ordenagailu eta irratiek. Denera, 40 pertsona erail eta 3.500 zauritu zituzten.

Komunikabide batzuek AEBetako funtzionario batzuk aipatu izan dituzte iturri modura, baieztatzeko Israelgo Estatuko inteligentzia-zerbitzuak izan zirela milaka gailutan lehergaiak ezkutatu eta Libanora bideratu zituztenak. Orain, Times of Israel egunkariak jaso du Netanyahuren aitorpena: "Defentsa Ministerioko goi-kargudunek nahi ez zuten arren, bilagailuak erabiliz operazioa egin genuen". Atentatua baimendu zuela jakinarazi du.

Eraso kriminala sionistek egin zutela onartzeaz gain, Hezbollahko buru Hassan Nasrallah ere haiek erail zutela esan du lehen ministroak, inpunitate osoz hori ere. "Hezbollahko burua zena paretik kendu" zutela adierazi dio Netanyahuk komunikabide berari.

Amiantoak eragindako minbiziak gora egin du Europar Batasunean
Eurostaten arabera, 2013tik 2021era bitartean, 13.530 kasu erregistratu zituzten Europar Batasunean. Teorian 2005ean debekatu zuten amiantoaren erabilera, baina mesoteliomaren sintomak ez dira agertzen hamarkada asko igaro arte. Amiantoagatik 700 pertsona baino gehiago hil dira EAEn, eta Nafarroan hildakoen datu zehatzik ez dagoen arren, gai horrek 3.200 langile kaltetu dituela uste da.