AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Núcleo Nacional talde faxista erregistratzea onartu du Espainiako Barne Ministerioak

Fernando Grande Marlaska buru duen ministerioak baimendu egin du erakunde neonazia inskribatzea, "bere estatutuetan irregulartasunik antzeman ez duelako". Besteak beste, "kirol- eta ingurumen-jarduerak" aipatzen dituzte estatutuetan.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, Fernando Grande Marlaskaren zuzendaritzapean, justifikatu egin du Núcleo Nacional erakunde neonazia 2024ko abuztuan Elkarteen Espainiako Erregistro Nazionalean inskribatu izana, argudiatuz ez zegoela "hori galaraziko lukeen inolako legaltasun-arrazoirik". Francesc-Marc Alvaro ERCko diputatuari bidalitako erantzun ofizialaren arabera, talde faxistak aurkeztutako estatutuetan ez dago ideologia faxisten aipamenik, "kirolarekin eta inguru naturalaren babesarekin lotutako helburuak" baizik.

Núcleo Nacionalen lehen agerraldi publikoa iazko apirilaren 14an izan zen Madrilen, Falangeari lotutako Ardemans Espazioan. Ekitaldian, Enrique Lemus Democracia Nacional alderdiko kide ohiak "arraza" eta "ohiturak" defendatu zituen, kaputxadun gizon bat bere ondoan zegoen bitartean. Ondoren, taldeak afiliazio-kanpaina bat abiatu zuen, baina baldintza bat zegoen parte hartzeko, komunikatu ofizialaren arabera: "europarra" izatea. "Gorroto-delituengatik" eta "seinalamendu publikoengatik" egon daitezkeen zigor legalak aipatuz justifikatu zuten buru-berokien erabilera.

Hainbat sektoretatik ohartarazi dute neonazismoarekin lotura zuzena duen antolakunde horren erregularizazioaz, eta horrek kolektibo zaurgarrien, mugimendu sozialen eta kolektibo antifaxisten segurtasunean izan dezakeen eraginaz. Bere erantzunean, Barne Ministerioak gaineratzen du ez duela jaso "espedientea Estatuko Fiskaltza Nagusira bidaltzea justifikatzen duen txostenik, segurtasun-indarren partetik". Dena den, Público egunkariak aipatutako txosten polizial baten filtrazioak baieztapen hori gezurtatzen du, eta horrek kritikak eragin ditu ideologia faxistak dituzten erakundeen inskribatzean gobernuak duen kontrolaren inguruan.

Kartzelara itzularazi dute Xabier Zabalo preso politikoa
Hari ezarritako hirugarren graduaren kontra agertu da Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza, eta Zaballan espetxeratu dute berriz.