AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Antton Lopez eta Haimar Altuna atxilotu ditu gaur Guardia Zibilak

Atxilotuak libre utzi dituzte arratsaldean, Guardia Zibilaren kuarteletan eduki ondoren. Gaur goizean atxilotu dituzte Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Antton Lopez Ruiz 'Kubati' eta Haimar Altuna; Gernikan, Agurainen, Zarautzen eta Lizartzan. Preso politikoei egindako ongietorriak "antolatzea eta koordinatzea" leporatu diete atxilotuei; hain zuzen, "terrorismoari gorazarre egitea, umiliazioa eta terrorismoaren biktimak gutxiestea" dira egotzi zaizkien delituak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia epaileak sinatu du 'Kabat' izenpean egindako operazioa.

Guardia Zibilak gaur goizean atxilotu ditu Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Antton Lopez Ruiz Kubati eta Haimar Altuna. Gernikan (Bizkaia) atxilotu dute Garmendia, lanera joatear zegoela, eta San Vicente Agurainen (Araba) atzeman dute, Gasteizera bidean zegoela. Lopez Ruiz Zarautzen (Gipuzkoa) hartu dute atxilo, etxetik ateratzean, eta Altuna Lizartzan (Gipuzkoa) atxilotu dute, kontrol batean, seme-alabak ikastolara eraman ostean. Kalera Kalera dinamikako kideak dira Garmendia eta Lopez Ruiz.

Arratsaldeko 17:00ak aldera, libre utzi dituzte Garmendia, San Vicente, Altuna eta Lopez Ruiz; Guardia Zibilaren Bilboko, Gasteizko eta Donostiako kuarteletan eduki dituzte.

Preso politikoei egindako ongietorriekin lotuta daude gaurko atxiloketak; izan ere, harrera horiek hiru urtez "antolatzea eta koordinatzea" egotzi diete lauei. "Terrorismoari gorazarre egitea, umiliazioa eta terrorismoaren biktimak gutxiestea" dira, zehazki, leporatu zaizkien delituak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia epaileak sinatu du Kabat izenpean egindako polizia operazioa, CDR direlakoen aurkako operazioaz arduratu zen juez bera.

Ikerketa

Guardia Zibilak ohar bidez jakinarazi zuenez, duela urte eta erdi jarri zuen martxan ikerketa, "terrorismoari gorazarre egin zaien ekitaldiak aurkitzeko". "Terroristei egindako omenaldien benetako nukleo antolatzailea ezkutatzeko, hainbat elkarte erabili dira, pantaila modura instrumentalizatu eta erabili direnak egiazko sustatzaileak estaltzeko", dio Guardia Zibilak adierazpenean. Zentzu horretan, Kalera Kalera izeneko dinamika izan du hizpide.

Bestalde, Poliziak ikerketan jaso du Hego Euskal Herrian 95 ekitaldi egin direla 2016ko abendua eta 2019ko urria bitartean.

Duela bi urte ere atxilotuak izan ziren Garmendia eta Lopez Ruiz, 2017. urteko azaroan Belen Gonzalez preso politikoaren heriotzaren harira Lazkaon (Gipuzkoa) izan zen ekitaldian parte hartzeagatik. Terrorismoari gorazarre egitea leporatu zieten biei, baita Miren Zabaleta eta Olatz DaƱobeitiari ere. Orduko hartan, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelera mugitu zituzten, eta hainbat ordura askatu.

Ikerketa langileek salatu dute EHUk sarrera itxi diela estatutua betetzeko eskatzean
Leioako campusean bildu dira dozenaka ikerketa langile gaur eguerdian, Ikerlarien Asanbladak deituta, EHUri Ikerlarien Estatutuan jasotako baldintzak bete ditzala exijitzeko. Eskaerak aurkeztean, Errektoretzako erregistrorako sarrera giltzarrapo batekin itxi dietela salatu dute.