AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

"Oinarrizkoa ez den produkzioan" jarraitzeari uko egin diote Aludiumeko langileek

"Funtsezko ez diren jarduerak" gelditzeko Espainiako Gobernuaren dekretua indarrean egonagatik ere, beharginak lanera behartzen ari dira Zornotzako Aludium enpresan. Mehatxuak eta presioa salatu dituzte.

Atzo goizeko txandan, Zornotzako (Bizkaia) Aludium enpresako langileek "planto" egin zuten: uko egin zioten "oinarrizkoa ez den produkzioan" jarraitzeari, LAB sindikatuak berri eman duenez. Izan ere, Covid-19 birusaren harira, "funtsezkoa ez den jarduera" eteteko dekretua onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina lantegi ugaritan lanean jarraitzen dute beharginek.

LABek azaldu duenez, produkzio osoaren %10 inguru produktu farmazaeutikoetara bideratzen dute Zornotzako enpresa horretan, baina egoera baliatuz, ekoizpenaren %75 martxan dute oraindik. "Horren adibide da, gaur gaueko txandako langileak eraikuntzarako diren materialak ekoizten aritu direla", esan zuen atzo.

Enpresaburuen jarrera eta beharginen aurkako mehatxuak eta presioa salatzeko, langileek geldialdia egin zuten goizaldean. "Confebask eta Arantza Tapia sailburuaren aholkuak jarraituz, langileen osasuna defendatu ordez, produkzioa eta kapitala lehenetsi dituzte", salatu zuten. Madrilgo Gobernuaren erabakiarekin kritiko agertu ziren Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Confebask.

Tubacex

Industriako beste hainbat enpresetan ere jarraitzen dute lanean. Tubacexeko zuzendaritzak, esaterako, Aiaraldeko lantegiak berriz martxan jartzeko asmoa agertu du. 600 bat langile ari dira Laudion (Araba) eta Amurrion (Araba), eta aurreko asteetan salatu zuten ez zeukatela segurtasun neurri egokirik.

Tubacex taldea aipatuta, gogorazi beharra dago bi langile erail zituztela iaz Amurrioko fabrikan, 25 eta 59 urtekoak.

Ipar Euskal Herrian ere sartuko da Frantziako Armada
Frantziako Armadak Baionan esku hartzea aurreikusi dute, baina baliteke Ipar Euskal Herriko beste saltoki-gune eta hondartza batzuetan ere sartzea, "zaintza-lanetan" jarduteko.