AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

"Okupazioaren eta immigrazioaren aurkako operazio polizial" bat salatu dute Donostiako Infernuan: 62 pertsona identifikatu eta 13 atxiki ditu Poliziak

Hainbat pertsona bizi dira Infernuako industria-nabe birjabetu batean, eta astelehenean, bertan sartu ziren Donostiako Udaltzaingoa, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, lapurreta batzuen aitzakiapean. Objektu pertsonalak lapurtzeaz gain, 62 lagun identifikatu eta horietako 13 indarrez atzeman zituzten, paperik ez izateagatik. Orain, martxan dira haien aurkako kanporatze-aginduak. Infernua Bizirikek salatu duenez, auzoan "sistematikoki" jasaten dituzte gisa horretako erasoak, eta manifestazioa deitu dute irailaren 13rako, "operazio arrazista" hau salatzeko. Donostiako Udalak abian du Infernuari dagokion hirigintza-plana, eremua "ahal bezain laster behera botatzeko" eta, finean, "auzoa garbitzeko".

Astelehenean, irailak 7, Donostiako (Gipuzkoa) Infernua eremuan esku hartu zuen Donostiako Udaltzaingoak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, inolako baimen judizialik gabe. Zonaldean ustez gertatu diren hainbat lapurreten aitzakiapean, zenbait pertsonak etxetzat duten industria-nabe birjabetu batean sartu ziren poliziak. Bertan bizi diren pertsonen objektu pertsonalak lapurtzeaz gain, 62 lagun identifikatu eta paperik gabeko 13 atxiki zituzten indarrez.

Arratsaldera arte ezin izan zuten etxera itzuli 13 atxilotuek, eta haien "jaioterrira itzularazten dituen kanporatze-agindua" eskuetan bueltatu ziren, gainera. Bestalde, adingabeentzako zentro batera eraman dituzte barruan zeuden bi gazte.

Hiru orduko esku-hartze poliziala izan zen, eta Infernua Bizirik mugimenduak salatu du "ez dela gertaera isolatua" izan: "Azken urtean, gure auzoak sistematikoki bizi dituen erasoen beste adibide bat da". "Okupazioaren eta immigrazioaren aurkako operazio ilegala izan zen, zalantzarik gabe", gaineratu du. Izan ere, azpimarratu du "Poliziaren erasoak sistematikoki jasaten dituztenak zuriak ez diren pertsonak direla, batez ere, Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik datozenak".

Bestalde, jakinarazi duenez, azkeneko operazioan, baimen judizialik ez izateaz gain, haien jantzietatik "plakak kenduta" bertaratu ziren poliziak, "identifikatuak izan ez zitezen". Hainbat bizilagunek identifikatzeko eskatu zietenean, eskakizunari uko egin zioten.

KRIMINALIZAZIOA

Infernua Bizirikek gaitzetsi egin du, komunikabideetan, "lapurreten aurkako operazio" aurkeztu eta saldu izana auzoan gertatutako eraso berria: "Operazioari buruzko berriak sentsazionalistak eta kriminalizatzaileak izan dira".

INFERNUA KOLOKAN

Irutxuloko Hitza-k hilabetearen hasieran adierazi modura, Donostiako Udalak martxan du Infernua eremuari dagokion hirigintza-plana. Ibaetako auzoaren hegoaldean kokatuta dago Infernua, eta udalaren asmoa da zonaldea "birsortzea eta birkalifikatzea"; hau da, "ahal bezain laster auzoa behera botatzea" eta "garbitzea". 2021. urtean hasiko lituzkete obrak, eremua "bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzeko".

"Auzoa abandonatuta, delinkuentziaz beteta, segurtasunik gabe eta abar irudikatu nahi dute, baina bitartean, jatorri ezberdinetako 100 pertsona baino gehiago bizi gara bertan", dio Infernua Bizirikek. "Etxerik gabe" nahi dituztela eta "desagerrarazi" egin nahi dituztela salatu dute, baita haien aurkako "kriminalizazioa" ere: "Beraiek krimena ikusten duten lekuan, guk bazterkeria ikusten dugu, jende migrantearekiko bazterkeria: lanpostua ukatzea, gizarteko sarbidea ukatzea eta, finean, eskubideen urraketa".

MANIFESTAZIOA IGANDEAN

Egoera dela eta, "elkartasunerako eta antolakuntzarako" deia egin dute Infernuako bizilagunek: "Poliziarik eta arrazismorik gabeko auzo bat nahi dugu, eta erresistentzia egingo dugu erasoen aurrean!".

Datorren larunbaterako mobilizazioa deitu dute, "inor ez da ilegala" aldarripean eta "Infernua bizirik. Arrazakeriarik ez" lematzat hartuta. 12:00etan Infernuatik abiatuko da manifestazioa.

Kaleratzeen aurkako mobilizazioei ekin diete ITP Aeroko langileek
ITP Aerok 300 behargin kaleratu nahi ditu Bizkaian. Mobilizazioak hasi dituzte Zamudioko fabrikako langileek: hiru protesta egingo dituzte egunotan, eta larunbaterako, manifestazioa deitu dute Bilbon.