AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Olarizuko etxe okupatuetako bizilagunak jazartzen jarraitzen dute, eta Gasteizko Udalak epaitegietara joko du etxebizitzak husteko

Udaltzaingoa eta eraikuntza arloko enpresa bat atzo bertaratu ziren Olarizu auzora, etxebizitzak hormatzen jarraitzeko; hala, bi bizilagun etxegabetu zituzten. Okupatuta dauden azkeneko etxebizitzak hustea da udalaren asmoa, eta aurki jarriko du martxan eskabidea epaitegietan.

Gasteizko Udalak Olarizuko etxebizitza okupatuak haien "borondatez" uzteko agindua eman zien bizilagunei, eta aurreko astean amaitu zen horretarako ezarritako epea. Horren harira, atzo bertaratu ziren auzora udaltzainak, eraikuntza arloan lan egiten duen enpresa bateko langileekin, etxe gehiago hustu eta ateak hormatzeko asmoz. Harriz estali zituzten bi etxebizitzatako sarbideak, eta modu horretan kaleratu zituzten han bizi ziren bi emakume. Auzotik alde egin behar izan zuten.

Olarizun bizitzen jarraitzen duten pertsonek salatu dutenez, gero eta jende gutxiago bizi da auzoko etxe okupatuetan. Poliziaren laguntzaz, etxebizitzak husten jarraitzen du udalak, etxegabetutakoei inolako alternatibarik eskaini gabe.

Udalaren asmoa da okupatuta dauden azkeneko etxebizitzak ere desalojatzea, eta epaitegietara joko du horretarako. Aurreko astean jakinarazi zuten aste honetan abiatuko zela eskabidea epaitegietan.

Gaur ere ehunka lagunek adierazi diete elkartasuna Iruñeko atxilotuei, eta kalabozoetan zein baldintzatan izan dituzten jakinarazi dute haiek
Gaurko gaua ere Iruñeko Udaltzaingoaren ziegetan igaro beharko dute hamar gazteek, eta bihar pasatuko dira epailearen aurretik Nafarroako Probintzia Auzitegian. Gaur arte ez diete utzi haien konfiantzazko abokatuekin egoten, baina zein baldintzatan dituzten azaldu ahal izan dute jada. Besteak beste, ez diete utzi arroparik jasotzen, ez eta behar duten guztietan komunera joaten edo ura edaten ere, eta gutxieneko osasun-neurriak ere ez dizkiete bermatu. Auzibide berdinaren barruan, beste bi pertsona deitu dituzte deklaratzera, baina sekretupean jarraitzen du poliziaren ikerketak.