AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Palestinaren askatasunaren alde mobilizatzen jarraitzera deitu du IAk, kanpaldien ostean

"Israel hornitzen eta legitimatzen duten gobernu, alderdi politiko eta instituzioen aurka borrokatzea" beharrezkotzat jo du IAk, baita "mobilizatzeko eredu eraginkorrak" sortzea ere. EHKSk edota Palestinarekin Elkartasuna plataformak datozen egunetarako antolatutako mobilizazioetara batzera deitu du.

Duela astebete ekin zioten ehunka lagunek Euskal Herriko hainbat campusetan kanpatzeari, Palestinaren askatasunaren alde, eta Israelgo Estatu genozidaren kontra. Ikasle Abertzaleak antolakundeak aurreko asteburuan egin zuen kanpatzeko deialdia, mundu osoan barrena hedatu den mobilizazio-olatuarekin bat eginda. Hala, aurreko astelehenean muntatu zituzten kanpalekuak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Leioako (Bizkaia) campusetan; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean (Nafarroa).

Aurreko aste osoan zehar luzatu ziren protesta-kanpaldiak lau campusetan. Asanblada irekien bidez antolatu dituzte lekuan lekuko egitarauak: Palestinako egoerari buruzko gakoak lantzeko hitzaldiak eta proiekzioak izan dituzte, hainbat kolektiboren eta pertsonaren parte-hartzearekin, eta askotariko emanaldiak ere prestatu dituzte.

Kanpaldiei lotuta, gainera, EHU eta NUP seinalatu dituzte ikasleek. Espainiako Estatuko hamaika unibertsitatetako ikasleek egin bezala, IAk exijentzia argi bat egin die EHUri eta NUPi: estatu sionistarekin dituzten harreman guztiak eten ditzatela exijitu diete, Israelekin negozioa egiten duten enpresekin unibertsitateek dituzten edota izan ditzaketen loturak barne hartuta. Exijentzia horiek lantzeko, elkarrizketa-mahaiak sortzera ere deitu ditu bi unibertsitateak.

Mobilizatzen jarraitzeko beharra


Egindako kanpaldietatik eta protestetatik hainbat ondorio atera ditu IAk. Nabarmendu du, batetik, "bi estatuen irtenbidea ez dela aukera bat": "Palestina inoiz aske izango bada, hori Israelen desagerpenaren bidetik izango da". Argitu du, beraz, Palestinaren aldeko elkartasuna "ezinbestean" dagoela "Israelen aurkako borrokari lotuta".

IAko kideek, bestetik, azpimarratu dute beharrezkoa dela "Israel hornitzen eta legitimatzen duten gobernu, alderdi politiko eta instituzioen aurka borrokatzea". "Badugu zer borrokatu, azken mobilizazioek erakutsi baitute mobilizazio horien presioak zenbait instituziorengan eragina izan dutela", seinalatu dute.

Azpimarra egin diote "mobilizatzeko eredu eraginkorrak" sortzeko premiari, eta "norabide horretan" egin dute dei datozen egunetan Euskal Herrian izango diren mobilizazioetan parte hartzera; hala nola, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak egingo dituzten mobilizazioetan. Azken horrek Iruñean (Nafarroa) egingo du manifestazio nazional bat larunbat honetan.

"Garrantzitsua da salaketak eta aldarrikapenak egitea, eta zuzentasunetik aldentzen den kultura bat sortzea"
Ikertua izaten ari da Yakovlev 42 musika-taldea, bere abestien letrak jopuntuan jarrita. Poliziaren, armadaren edota enpresaburuen kontrako gorroto-delitu bat egitea leporatu nahi diete sei kideri, musikaren bidez kritika politikoak egiteagatik. Lau urterainokoak izan daitezke euren kontrako zigorrak. Taldeko kide batekin, Endika Loiola oiartzuarrarekin, hitz egin du GEDAR LANGILE KAZETAk.