AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Palestinaren askatasunaren alde, unibertsitatean kanpatzera deitu du IAk

Gaur hasiko dira kanpaldiak Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Leioan. "Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta mundu osoan zehar Palestinaren alde mobilizatzen ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko" antolatu ditu kanpalekuak IAk.

Mundu osoan hedatu dira, Palestinaren alde, ikasleen ekimenez izaten ari diren kanpaldiak. Euskal Herrian ere mobilizatzera deitu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak, "Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta mundu osoan zehar Palestinaren alde mobilizatzen ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko".

Hego Euskal Herriko lau campusetan egin du kanpatzeko deia IAk: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) hiru campusetan, Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Leioan (Bizkaia); eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean (Nafarroa).

Gaur, maiatzaren 6an, hasiko dira IAk antolatutako kanpaldiak. Ibaetan eta Gasteizen 13:00etan egingo dituzte kanpalekuei buruzko asanblada irekiak, baina, lau campusetan, arratsaldean ekingo diote kanpatzeari.

Hitzaldiak, emanaldiak eta bestelako ekimenak izango dira kanpaldietan. Bere sare sozialen bidez argitaratu ditu gaurko egitarauak IAk. Gerora, beste hainbat eragile batu dira deialdietara.

Lekukoa Euskal Herrian

Euskal Herriko kanpaldien berri ematean, ikasle antolakundeak gogorarazi du sionistek 30.000 palestinar baino gehiago erail dituztela urriaren 7tik hona, eta badirudiela "genozidioa bere amaieratik urrun dagoela". Hala, sarraskiaren aurka mundu osoan zehar zabaldu diren protesta-kanpalekuak izan ditu gogoan IAk, eta salatu du "bortitza" izaten ari dela horien kontrako erantzuna: "Poliziak milaka ikasle atxilotu ditu dagoeneko eta sionistak protestak erasotzen ari dira toki askotan".


'Palestina askatu! Israel borrokatu, desnormalizatu, suntsitu!' lelopean aterako dira kalera maiatzaren 18an, Iruñean
Mobilizatzera deitu du berriz Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta, "urrats bat gehiago" egiteko asmoz, "Israelgo Estatuarekiko konfrontazioaren eta desnormalizazioaren" beharra azpimarratu du. Genozidioaren amaiera, errefuxiatuak itzultzeko askatasuna, Palestina osoaren deskolonizazioa eta preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko deitu dute manifestaziora.