AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Parisko Dei Auzitegiak uko egin dio Josu Urrutikoetxea aske uzteko eskari berriari

Frantziako Dei Auzitegiak berriz bota du atzera Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskakizuna, fiskaltzarekin bat eginez. Defentsak apirilaren 1ean egin zuen eskari berria, La Santeko medikuburuaren hobespenarekin: Covid-19a hedatu da kartzelan, eta "patologia kronikoak" ditu Urrutikoetxeak. Bi epaiketa egin behar dizkiote Frantziako Estatuan, eta haren aurkako bi euroagindu eta bi estradizio eskaera ditu igorrita Espainiako Estatuak.

La Sante Parisko kartzelan giltzapean jarraitu beharko du Josu Urrutikoetxeak, izan ere, Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak atzera bota du preso politikoa baldintzapean aske uzteko eskari berria. Defentsak apirilaren 1ean egin zuen eskakizuna, eta egun berean hartu zuen erabakia auzitegiak, La Santeko medikuburuaren ziurtagiria baztertuta eta fiskaltzak eskatutakoarekin bat eginez. Dena den, ez zieten hautuaren berri eman ez Urrutikoetxeari ez haren sendiari; abokatuek jakin dute "beste bide batetik", Berria-k aditzera eman duenez.

Aurten 70 urte beteko ditu Urrutikoetxeak, eta prostatan ebakuntza egin zioten iazko irailean. La Santeko kartzelan Covid-19ak jota daude hainbat pertsona, eta hango medikuburuak Urrutikoetxea aske uztea hobetsi zuen martxoaren 28an, ziurtagiri bidez; izan ere, haren "patologia kronikoak" kontuan hartuta, koronabirusak kutsatuz gero "pronostiko latza" izan zezakeela aurreikusi zuen. Dei Auzitegiak, baina, preso mantentzea ebatzi du.

Ebakuntza egitera bidean zela atxilotu zuten iaz, Alpeetan. ETArekin lotuta bi epaiketa egingo dizkiote Frantziako Estatuan, eta Espainiako Estatuak haren aurkako bi euroagindu eta bi estradizio eskaera ditu igorrita. Frantziako Dei Auzitegiak urtarrilean onartu zuen Urrutikoetxea Espainiaratzea, baina oraindik ez zutela estraditatuko azaldu zuten; ez behintzat, Frantzian bere aurka irekita dituzten kasuak ebatzi eta zigor posibleak bete arte.

Baldintzapean aske utzi dute Gorka Fraile preso politikoa
22 urte egin ditu preso Gorka Frailek, eta hirugarren graduan zegoen urtarriletik. Minbizia atzeman zioten 2015. urtean, eta ebakuntzan "tratu iraingarria" jaso zuela salatu zuten haren senideek. Durangarraz gain, 73 dira zigorraren hiru laurdenak bete dituzten edo aurten beteko dituzten euskal preso politikoak, baina soilik 28 dira bigarren graduan daudenak, eta zortzik baino ez dituzte irteera baimenak lortu.