AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Parisko Kasazio Auzitegiak ere ez du onartu Urrutikoetxearen baldintzapeko askatasuna

Irailean Parisko Dei Auzitegiak egin bezala, Kasazio Auzitegiak ere atzera bota du Josu Urrutikoetxearen abokatuek egindako eskaria. Espainiako Estatuak bi euroagindu eskaera eta beste bi estradizio eskaera eginak ditu haren aurka. 2002. urtean egin behar izan zuen ihes Euskal Herritik, eta maiatzean atxilotu zuten Frantziako Estatuan.

Fiskalaren eta estatu ordezkariaren irizpideari jarraituz, Parisko Kasazio Auzitegiak ere ez du onartu Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea. Dei Auzitegiak eskaria baztertu ondoren jo zuten goi instantzia horretara haren abokatuek, baina erantzun bera jaso dute, gaur Berria-k zabaldu duenez. Espetxean jarraitu beharko du, beraz, preso politiko bizkaitarrak.

Prozeduran akatsak argudiatu zituzten abokatuek lehen eskaria egitean, baita Urrutikoetxearen osasun egoera ere. Gaitz larria du Ugaoko preso politikoak, eta ebakuntza bat ere egin zioten udan. Argudio horiek ez zituzten aintzat hartu aparatu juridikoek, eta auzia aztertzeko saiorik egin gabe berretsi dute gaur erabakia, ohiko prozedura baten bidez.

Bi euroagindu eta bi estradizio eskaera

2002. urtean egin behar izan zuen ihes Urrutikoetxeak, eta aurtengo maiatzean atxilotu zuten Frantziako Estatuan, ospitale batera zihoala. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiak baldintzapean libre uztea erabaki zuen, baina preso jarraitu zuen, Espainiako Estatuaren eskaera bat zela eta.

Zehazki, bi euroagindu eskaera eta beste bi estradizio eskaera ditu ebatzi zain. Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zituen lehenengoak, "gizateriaren aurkako krimenak" egotzita eta "herriko tabernen auzia" euskarri hartuta. Estradizio eskaerak, berriz, Espainiako Gobernuarenak dira, Luis Herguetaren hilketari eta Zaragozako ekintza bati lotutakoak. Berria-ren arabera, Frantziako Estatuak aurreikusia du Urrutikoetxaren aurkako bi epaiketa egitea.

Greba mugagabea abiatu dute Arabako Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek
Irailean hasitako mobilizazio zikloarekin jarraituz, greba mugagabea hasi dute Arabako Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek; oraingoz, lan baldintzen hobekuntzaren aldarriak ez du erantzunik izan zuzendaritzaren partetik. Gaurko deialdien jarraipena "positiboa" izan dela diote; bi elkarretaratze egin dituzte, bat Telefonicaren denda baten aurrean, enpresa horrek gatazkan duen erantzukizuna azpimarratzeko. Sektore berdinean diharduten beste enpresetako langileekin saretzeko pausoak ematen hasiak dira, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte aurrera begira.