AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Patxi Ruizek hasitako borrokaldira batu dira Jon Kepa Preciado eta Mikel San Sebastian preso politikoak ere, kaleetan elkartasun keinuak loratzen doazen bitartean

Patxi Ruiz preso politikoak laugarren eguna beteko du gaur gose eta egarri greban. Ibai Aginaga preso politikoak egin modura, "txapeoari" ekin dio Jon Kepa Preciadok, eta janariari uko egiten ari dira Mikel San Sebastian, Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano. Gose greban jarraitzen dute AAEAMeko lau kidek, eta hamaika txokotan hedatu dira elkartasun keinuak Patxi Ruizek hasitako borrokarekin bat eginez. Besteak beste, elkarretaratzeak egin dituzte, eta bart, kutxazain automatiko bat erre dute Ean.

Patxi Ruiz preso politikoa aurrera doa gose eta egarri grebarekin, eta laugarren borroka eguna du gaurkoa. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak atzo adierazi zuenez, telefonoz hots egin zien senideei, eta greban jarraitzen duela jakinarazi zien.

"Gogoratu behar dugu gose eta egarri greban egonda, gorputzeko organoak egun gutxiren buruan huts egiten hasten direla", gogorarazi du AAEAMek. Gainera, kartzelako medikuak ez du Ruiz ikusi greba hasi zuenetik. Duela egun batzuk, protesta modura, besoan ebakiak egin zituen preso politikoak, eta orduko hartan ere ez zuen artatu medikuak.

Bestalde, Murtzia II espetxeko 8. modulutik errespetu modulu batera lekualdatu dute txantrearra.

PRESO POLITIKO GEHIAGO BORROKAN

Jon Kepa Preciado preso politikoa ere gaur batuko da Ruizek abiatutako borrokaldira: Ibai Aginagak duela bi egun egin bezala, "txapeoari" ekingo dio gaur santurtziarrak, eta ez da zeldatik aterako aurrerantzean, modu mugagabean. Kordobako espetxean dute preso Preciado, eta 16 urte egin ditu bertan.

Ruizekin elkartasunean, borrokan ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano preso politikoak ere: kartzelan banatzen diren janari bandejei uko egiten ari dira, duela bi egunetatik. Gaur jakinarazi dutenez, Mikel San Sebastian lesakarrak ere hautu berdina egin du, eta janariari ezetz esaten ari zaio.

ELKARTASUN KEINUEN LORALDIA KALEAN

AAEAMeko lau kidek ere gose greba hasi zuten asteartean, hilak 12, eta hirugarren eguna dute gaur. Preso politikoek bezala, Ruizen "egoera konpontzen den arte" jarraituko dute borrokan.

Gainera, gero eta gehiago dira Euskal Herriko kaleetan ikusten ari diren elkartasun keinuak. Margoketak eta pankartak loratu dira hamaika txokotan, eta protestek ere egin dute bide: besteak beste, atzo bi elkarretaratze izan ziren Bilbon (Bizkaia), bat Baztanen (Nafarroa), eta gaur iluntzerako, elkarretaratzea deitu dute Ruizen auzoan, Txantrean (Iruñea, Nafarroa).

Horretaz gain, bart kutxazain automatiko bat erre dute Ean (Bizkaia), eta bertan, Ruizi elkartasuna adierazteko mezuak agertu dira.

Argazkietan: Bilbo, Ea, Baztan, Donostia, Mutriku (Gipuzkoa), Berango (Bizkaia), Alkorta (Bizkaia), Getxo (Bizkaia), Arratia (Bizkaia), Zumaia (Gipuzkoa)...

Mikel San Sebastian preso politikoak ere uko egin dio janariaren bandejari, Patxi Ruizekin elkartasunean
Murtzia II espetxean dute preso Mikel San Sebastian lesakarra. Patxi Ruizek hasitako borrokaldiarekin bat eginez, janariaren bandejari uko egiten hasi da, Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano preso politikoak bezala. "Txapeoa" egiten ari dira Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado preso politikoak ere.