Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster preso politikoak Aranjuezera lekualdatzea erabaki du Espetxe Zuzendaritzak
Hautuarekin aurrera eginez gero, Valentziako Picassent espetxetik Madrilgo Aranjuezera mugituko dituzte Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster preso politikoak. Aurreko igandean hiru urte bete zituen haien alabak; hortaz, Espetxe Legearen aginduz, aurrerantzean ezingo du gurasoekin kartzelan bizi. 2009. urtean atxilotu zituzten oriotarra eta usurbildarra, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 12 urteko espetxe zigorra ezarri zien biei.
Espetxe Zuzendaritzak ez du argitu bi presoak lekualdatzeko erabakiak zein arrazoi duen oinarri, eta oraingoz ez du zehaztu bestelako neurririk izango den edo ez. Dena den, hainbat hedabideren arabera, erabakiaren berri ematean, Espetxe Zuzendaritzak nabarmendu zuen haur txiki baten gurasoak direla biak.
Aurreko igandean hiru urte bete zituen Urangaren eta Lasagabasterren alaba Xuak. Hortaz, Espainiako Espetxe Legeak aginduta, Picassentetik irten behar izan zuen haurrak, eta aurrerantzean, ezingo du gurasoekin presondegian bizitzen jarraitu. Usurbilen bizi da orain.