AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Pentsiodunek mobilizazio jendetsuak egin dituzte asteburuan, urte berriarekin neurri berriak indarrean sartu ostean

Espainiako Estatuan urte hasieran sartu zen indarrean pentsioen erreformaren aurreneko atala; erretiro adina, gainera, 66 urte eta bi hilabetekoa da urtea hasi zenetik. "Gutxieneko pentsioek miserableak izaten jarraituko dute", pentsiodunek salatu dutenez, eta inflazioak gora egin izanak dituen ondorioei ere egin diete azpimarra. Aurreko urte bukaeran Europako Batzordearekin hainbat konpromiso hartu zituen Espainiako Gobernuak, eta arriskuetako bat da, aurrerago, pentsioetan murrizketak izatea.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, asteburuan mobilizazio jendetsuak izan dira Hego Euskal Herrian; hala nola, Altsasun (Nafarroa), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Eibarren (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Iruñean (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa), Ondarroan (Bizkaia) eta Tafallan (Nafarroa). Espainiako Estatuan urte hasieran jarri zen indarrean pentsioen erreformaren aurreneko atala, eta pentsiodunek "pentsio duinak" aldarrikatu nahiz pentsioen murrizketak jopuntuan jarri dituzte berriz, mobilizazio jendetsuen bidez. Lau urte dira protestei ekin zietela, eta gogorarazi dute haien aldarrikapen nagusiei heltzen jarraitzen dutela; besteak beste, pentsioak gutxienez 1.080 eurokoak izatea.

Espainiako Gobernuak iazko abenduan onetsi zuen pentsioen erreforma bat, eta horrekin, hainbat neurriri bide eman zien. Helburuetako bat da, adibidez, "langile zaharrenek lan merkatuan jarrai dezaten laguntzea". 2011n onartutako erreformak erretiro adinaren hedatze progresibo bat barne hartzen du eta, hala, 2022ko urtarrilaren 1etik, 66 urte eta bi hilabetekoa da erretiro adin ofiziala; 67 urtekoa izango da 2027an. Aurten indarrean sartu diren neurrien artean dago, gainera, "erretiro aktiboa" delakoa baimentzea; alegia, soldatak eta pentsioak uztartzeko aukera.

Desorekak

Neurri berrietako bat da, bestalde, pentsioak eguneratzea KPI kontsumo prezio indizearen bilakaeraren arabera; horrekin, pentsioak 20 eta 30 euro artean igoko dira urtarril honetan.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak salatu duenez, baina, "gutxieneko pentsioek miserableak izaten jarraituko dute". Nabarmendu dute inflazioa %6,5ekoa izan dela 2021ean, eta haien "erosteko ahalmena" %3 baino gehiago jaitsiko dela ere salatu dute. Antza, aurten aparteko ordainketa bat jasoko dute pentsiodunek hori dela-eta, baina argi diote horrekin ez dela aski; ordainketa hori prezioen igoeraren araberakoa izatea eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Konpromisoak Bruselarekin

Iazko azaroan argitara atera zenez, pentsioen erreformaren nondik norakoak negoziatu dituzte Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak, Espainiak Europako funtsen lehen 10.000 milioi euroak zerren truke jasoko dituen adosteko. Elkarrizketa horien emaitza modura, antza, Espainiako Estatuan pentsioak KPI kontsumo prezio indizearen arabera eguneratzea onartu du Bruselak, Espainiako Gobernuak proposatu bezala.

Dena den, horren kontrako alderdi modura, pentsioen erreformaren gainerako dispositiboek "gainkostu" horri erantzuteko "konpentsazio-efektua" izan dezatela exijitu du Bruselak. Espainiako Gobernuak, pentsio sistemaren "bideragarritasuna" ziurtatze aldera, Belaunaldi-arteko Mekanismoa delako neurria dauka mahai gainean; Bruselak, baina, jarraipena egingo dio mekanismo horri.

Espainiako Gobernuak urte hau amaitu aurretik argitaratu beharko du txosten bat, Bruselari frogatzeko azken hilabeteetan hartutako neurriek bermatu egiten dutela Espainiako Estatuko pentsio sistemaren etorkizuneko "bideragarritasuna".

Bestalde, pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko urte kopurua 25 urte kotizatutik 35 urtera igotzea denez asmoa, hori ahalbidetzeko araudia berrikusteko konpromisoa ere hartu du Espainiako Gobernuak. Pentsioen kalkuluari lotutako neurri horren ondorioz, pentsioak jaisteko arriskua dago datozen urteetan; izan ere, ibilbide profesionalaren lehen urteetan soldata txikiagoa irabaztea ohikoena denez, pentsio berri gehienen batez bestekoa %8,6 inguru jaistea aurreikusten da.

Espainiako Estatuko inflazioa %6,5eraino iritsi zen abenduan, azken hiru hamarkadetako maximoak gaindituz
Aurreko urteko batez besteko inflazio-tasa orokorra bikoiztu egin zen iazko azken hilabetean. Hitzarmen kolektiboetan zehaztutako igoerak, berriz, %1,47koak izan ziren asko jota. Ondorioz, langile gehienen erosahalmena beherantz doa, pentsiodunak eta funtzionarioak salbuetsi gabe. Oinarrizko produktuak izan dira prezio-igoera handiena jasan dutenak; hala nola, etxebizitza, ura, argindarra, garraioa edota elikagaiak.