AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Pertsona migratuak preso izateko zentro bat eraikiko dute Alborango irlatxoan

Espainiako Gobernuak dio "behin-behinekoa" izango dela itsasoaren erdian sortuko duten kartzela. 600 metroko luzera du uharteak, eta Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcasen artean dago. Militarrek erabiltzen dute.

Aurreko astean jakinarazi zuten Atzerritarrentzako Atxikitze Zentro bat (CIE, gaztelerazko sigletan) eraikiko dutela Alborango uhartetxoan. Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcas lurmuturraren artean (Melillatik hurbil) dago irla, eta 600 metroko luzera du. Almeriaren parte da baina, 1997tik, Espainiako Itsas Armadaren destakamentu batek erabiltzen du.

Ministroen Kontseiluak hilabete honetan onartu du "premiazko" kartzela eraikitzea. Gobernuko iturrien arabera, Alborango instalazio berrien bidez, Itsas Armadari laguntza ematea da asmoa, "itsas trafikoaren ondoriozko larrialdiei" erantzun diezaien; alegia, atzematen dituen pertsona migratuak atxikitzeko eta preso sartzeko baliabide gehiago izan ditzan.

Defentsa Ministerioa arduratuko da erretentzio zentroaren eraikuntzaz, eta "behin-behinekoa" izango omen da. 1.300.000 euroko aurrekontu bat bideratuko du horretara gobernuak. Margarita Robles Defentsa ministroa joan den martxoaren 11n izan zen Alboranen, eta esan zuen "lehentasuna" zela uharte horren auziari heltzea: esku hartzeko "premia" adierazi omen zioten militarrek, migrazioari erreferentzia eginda.

Alborango irla pertsona migratu ugarirentzat da, gaur egun, migrazio-bideko puntu garrantzitsu bat, Europara heltzeko ahaleginean. Espainiako Estatuan, teorian, gehienez 60 egunez egon daiteke preso pertsona bat atxikitze zentro batean.

Indar militarretara beste 1.129 milioi euro bideratuko ditu Espainiako Gobernuak
Ez du zehaztu zein programatan eta kontratutan gastatuko duen dirutza hori, baina sektoreko enpresa ugarirekin bildu da berriki. Azken hamarkadan, %113 igo da aurrekontu militarra Espainiako Estatuan, eta 24.000 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek euren agintaldian.