AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Pertsona migratzaileak landa-eremuan esplotatzen dituen sare handi bat atzeman dute Nafarroan, Errioxan eta Aragoin

Sareak esplotatu dituen langile gehienak senegaldarrak dira, eta "esklabotzaren pareko lan-baldintzak" jasan behar izan dituzte. Sare horretako 43 esplotatzaile atxilotu dituzte.

"Oso ongi egituratutako sare irmo, egonkor eta konplexu" bat atzeman dute Nafarroako Erriberan, Errioxan eta Aragoin, landa-eremuan pertsona migratzaileak legez kontra esplotatzen aritu dena. Dirudienez, 60 esplotatzailek baino gehiagok osatzen dute esplotazio-sarea, eta horietatik 43 atxilotu dituzte oraingoz. Landa eremuko hamabost enpresaburuk eta laborarik parte hartzen suten sarean, besteak beste. Laneko esplotazioa, etorkinen trafikoa, agirien faltsutzea eta langileen eskubideen aurkako delituak leporatzen dizkiete, antza.

Senegaldarrak dira sare horrek esplotatu dituen behargin gehienak, eta Senegalen bertan zein Espainiako Estatuan jotzen zuten haiengana esplotatzaileek. Nekazaritzako lanpostuak eskaintzen zizkieten, eta behin sarean harrapatuta, Nafarroa hegoaldeko edo Zaragozako hainbat etxebizitzatara eramaten zituzten, han pilatzeko eta lan egitera behartzeko. "Gutxieneko bizi- eta garbitasun-baldintzak" ez zeuden inola ere ziurtatuta etxe horietan, jakinarazi dutenez.

Landa-eremuan lanean hastean, sareak "esklabotzaren pareko lan-baldintzak" ezartzen zizkien langileei, "haien beharrak eta egoera administratibo irregularrak baliatuta", polizia-indarren esanetan. Asteko egun guzti-guztietan lan egitera behartzen zituzten, astelehenetik igandera, eta egunean bederatzi edo hamar orduz. Ordu bakoitzeko, zazpi euro baino ez zizkieten ordaintzen esplotatzaileek, eta atsedena hartuz gero, soldatatik kentzen zieten kopuru bat. Gainera, noski, kontraturik ez zieten egiten, eta ez zieten altarik ematen Gizartze Segurantzan.

Antza, urtearen hasieran jarri zuten martxan ikerketa bat esplotazio-sarearen kontra, landa-eremuan egindako ikuskaritzak eta gero. Sei esplotatzaile atxilotu zituzten hasieran, eta gerora jarri dituzte martxan gainerako atxiloketak. Besteak beste, kontratazio-agiri faltsuak, langileak ordezkatzeko atzerritar txartelak eta etorkinak garraiatzeko ibilgailuak topatu dituzte ikuskaritzak eta miaketak egitean.

Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzak kontziliazio-demanda bat aurkeztu du borrokan ari diren langileen eta LASen aurka
30.000 euroko kalte-ordainak eta modu publikoan euren esanak eta aldarriak "atzera botatzea" exijitu die egoitzako gerentziak. Aurten ekin diote borrokari beharginek eta LASek, "muturreko lan-baldintzak salatzeko eta horiek hobetzeko". "Langileok lanpostuan ere antolatzeko eta lan-baldintzen aldeko borrokak aurrera eramateko zilegitasuna eta beharra" azpimarratu dituzte.