AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Petronorreko piketean zegoen behargin bat atxilotu eta beste asko zauritu ditu Ertzaintzak

Laugarren greba eguna zuten gaurkoa langileek. Goizean findegiko sarreran piketea egin dute, eta zuzendaritzako kide bat handik sartzen saiatu denean, tentsio uneak sortu dira. Langileen aurka jo du Ertzaintzak; langile bat atxilo eraman du eta beste hainbat zauritu ditu.

Petronorreko zuzendaritzak aldi baterako lan-erregulazioko espedientea indarrean sartu ondoren, bederatzi eguneko grebara deitu zuten Muskizko (Bizkaia) findegiko langileek; laugarren greba eguna zuten gaurkoa. Goizean, lantokiko sarreretako baten aurrean piketea egin dute beharginek, eta tentsio uneak sortu dira zuzendaritzako kide bat handik igarotzen saiatzerakoan. Findegira sartzeko beste bi bideak libre zeuden une horretan, eta salatu dutenez, bezperan horietako batetik sartu zen zuzendaritzako kide hori.

Piketean zeuden grebalarien aurka oldartu da Ertzaintza, haietako asko zaurituz. Borrak eta foam jaurtigarriak erabili dituzte poliziek, baita behargin bat atxilotu ere; Barakaldoko (Bizkaia) epaitegira eraman omen dute. Azkenean, beste sarrera batetik sartu da lantegira zuzendaritzako kidea, eta Ertzaintzak langileei azaldu dienez, zuzendaritzaren agindua izan da langileak kanporatzea eta piketeak hartutako sarrera ere libre uztea.

Gertatutakoa salatu eta ekimenekin aurrera egingo dute beharginek. Gaur bertan, hitzaldi baten bidez batu dira beste enpresa batzuetan borrokan ari diren langileekin, eta ostiralerako manifestazioa antolatu dute Bilbon (Bizkaia). Horretaz gain, Tubacexeko lan-erregulazioko espedienteen harira egitekoa den epaiketara bertaratuko dira hurrengo astean Petronorreko langileak.

Emakume bat labankadaz erail du haren bikotekide senperearrak
55 urte zituen emakumeak, eta aurreko ostiralean topatu zuten haren gorpua. Senperen atxilotu zuten hiltzailea. Aurten gutxienez hiru hilketa matxista atera dira argitara Euskal Herrian.