AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Pintaketa naziak egin dituzte Etxeraten Gasteizko egoitzan

Atzo goizaldean egin zioten eraso Etxerat elkarteak Gasteizen duen egoitzari. Erasoa salatu dute Etxerateko kideek, eta azpimarratu dute horrelakoek ez dutela euren lana "geldiaraziko". "Elkartasuna" adierazi die Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, eta adierazi du "ez dagoela elkarbizitza posiblerik gure eskubideak errespetatzen ez dituztenekin".

Bart eraso egin diote Etxerat preso eta iheslari politikoen senideen eta lagunen elkarteak Gasteizen (Araba) duen egoitzari. Azaldu dutenez, atzo goizaldean aurkitu zituzten ikur naziak (svastikak), lokalaren kanpoaldean. Erasoa salatu du Etxeratek, eta azaldu du preso, iheslari eta deportatuei babesa eta sostengua emateko jardunean etengabeko "zailtasun eta oztopoak" jasan behar izan dituztela orain artean ere, erasoak barne.

Dena den, "ondoeza eta ezinegona sortzeko helburuarekin" egindako eraso horiek ez dutela euren lana "geldiaraziko" esan dute, eta berretsi egin dira euren konpromisoan; "asistentzia, aholkularitza eta laguntza" ematen jarraitzeko.

Etxerateko kideei "elkartasuna" adierazi die Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak: "Gaur egun Etxeratekin mantentzen ditugun ezberdintasun ideologiko argiak, alde batera gelditzen dira horrelako erasoak salatzerako orduan. Ez bakarrik nazismoa eta faxismoa akabatzeko borrokarekiko dugun konpromisoagatik; baita eraso horren atzean dagoenagatik ere. Faxistek preso politikoekin zerikusia daukan orori egingo liokete eraso, eta hortxe ez dute gutako inoren artean ezberdintasunik egiten".

Hala, nabarmendu dute "ez dagoela elkarbizitza posiblerik gure eskubideak errespetatzen ez dituztenekin", eta "zapalkuntzaren aurrean borroka egitea zilegi dela".

Emakume bati eraso egin dio bikotekide ohiak asteburuan, Gasteizen
Atzo, emakume bati eraso egin zion haren bikotekide ohiak, Gasteizen (Araba). Gizonezkoa emakumearen etxera sartzen saiatu zen, bortxaz. Erasotzaileak alde egin nahi izan bazuen ere, Poliziaren patruila batek harrapatu, eta atxilotu egin zuten.