AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Plentzian bart izan den jazarpen poliziala salatzeko protestara deitu du Uribe Kostako GKSk

Plentziako Alde Zaharrera sartu eta kalean zeudenen aurka jo zuen atzo Ertzaintzak, foam jaurtigailuak erabilita; horretaz gain, hiru pertsona atxilotu zituen. Jazarri, zauritu eta atxilotuei elkartasuna adierazi eta mobilizaziora dei egin du GKSk; Astillero enparantzan elkarretaratuko dira 19:30ean.

Bart ere gogor esku hartu du Ertzaintzak: San Antolin jaiak ziren hastekoak Plentzian (Bizkaia), eta 22:30ak aldera, Alde Zaharrera sartu eta kalean zeudenen aurka oldartu ziren polizia-agenteak. Gazte ugari jipoitu zituzten, eta haien aurka foam jaurtigailuak ere erabili zituzten ertzainek. Sare sozialetan hainbat pertsonak salatu dutenez, oso distantzia txikira aritu ziren tiroka.

Uribe Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak protestara deitu du gaur arratsalderako, Jazarpenaren aurrean, klase elkartasuna lelopean; 19:30ean izango da kontzentrazioa Astillero enparantzan. GKSko kideek salatu dute atzoko gertakariak ez direla "kasu isolatu bat", eta besteak beste, Plentzian bertan "nabarmena" izan dela poliziaren presentzia uda osoan zehar. Sopelan (Bizkaia) uda hasieran gertatutakoa ere gogorarazi dute: ekain amaieran, sanpedroak ospatu ohi direnean, hainbat gazteren aurka jo zuen Ertzaintzak. Lagun bat eraman zuten atxilo.

Atzo Plentzian jazarriak, zaurituak eta atxilotuak izan zirenei elkartasuna adierazteaz gain, atxilotutako hiru pertsonen kargugabetzea exijitu du GKSk. "Gazte langileok argi dugu pairatzen ari garen errepresioa etorkizuneko langileria otzan mantentzeko bitartekoa dela", gaineratu du.

Aurreko egunetan ere jazarpen poliziala salatzeko protestak egin ditu GKSk, hain justu, Hernanin (Gipuzkoa) eta Donostian (Gipuzkoa).

Poliziaren jazarpenaren aurrean, klase elkartasuna aldarrikatu dute Hernanin
Aurreko asteburuan Ertzaintzak gazte bana atxilotu zuen Hernanin eta Andoainen, kalean oldartu ostean. Bilbon, Iruñean eta Donostian ere izan ziren atxiloketak aste berdinean; azken asteetan, gainera, bereziki nabarmena izan da jazarpen poliziala Gipuzkoako hiriburuan, eta dozenaka izan dira zaurituak eta atxilotuak. Bart Plentzian eraman dituzte atxilo hiru pertsona, eta Ertzaintzak gomazko pilotak erabili ditu kalean zeudenen kontra.