AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Polizia Bilboko Aresti Zentro Sozialista husten ari da

Urtearen hasieran ireki zuten Zentro Sozialista berria, eta Polizia aldez aurreko jakinarazpenik gabe ari da espazioa desalojatzen. 2022an hustu zuten Bilboko Urkila Zentro Sozialista, orduan ere, inolako jakinarazpenik gabe.

Gaur, uztailaren 18an, Bilboko (Bizkaia) Aresti Zentro Sozialista husteari ekin diote Ertzaintzak eta udaltzainek. Aldez aurreko jakinarazpenik egin gabe ari dira desalojoa gauzatzen polizia-indarrak, Bilboko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez. 08:30ean bertaratu da Arestira Polizia, eta ez du inolako agindu judizialik erakutsi. Desalojoa dela-eta hurbildu diren pertsonak identifikatzen ari da, gainera.

Urte honen hasieran eman zuen berria Kontseilu Sozialistak: eraikin bat birjabetu eta Zentro Sozialista berri bat ireki zuen Deustu auzoan. Jabetza ugari dituen enpresa handi bat da eraikinaren legezko jabea, eta hainbat urtez eduki du hutsik eta erabilerarik eman gabe.

Urtarriletik hona, askotariko jardun politikoa eta kulturala izan da Arestin: oinarrizko produktuen biltegi bat daukate martxan, etxebizitzari lotutako arazoen aurrean babesa emateko bulego bat dauka Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, ikasketa-gela bat eskaini diete inguruko ikasleei, boxeo- eta dantza-eskolak izan dira, askotariko jarduera kulturalak eta aisialdikoak antolatu dituzte, eta abar.

Urkila Zentro Sozialistaren desalojoa, 2022an

Aurretik ere izan du beste Zentro Sozialista bat Bilbok, Urkila izenekoa, Errekalde auzoan. 2022ko apirilean jarri zuten martxan, baina urte horretako uztailean hustu zuen Poliziak. Orduan ere, aldez aurreko jakinarazpenik egin gabe izan zen desalojoa.

Tolosan hainbat pertsona jazartzen ari da udaltzaingoa, bizi diren etxetik botatzeko
Udaltzainak legez kanpoko praktikak erabiltzen ari dira bizilagunen kontra. Atzo bertan, etxera sartzea galarazi zieten batzuei, eta giltzapetu egin zituzten beste batzuk, atea katez itxita.