AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Poliziak 17 urteko gazte bat erail du Nanterren, polizia-kontrol batean

Autoa geratzeari ezetz esatean, gaztearen kontra tiro egin zuen polizia-agente batek. Erailketa salatzeko protestak izan dira bart, eta gutxienez hogei manifestari atxilotu dituzte. Pertsona bat autoarekin harrapatu du poliziak.

Astearte honetan, polizia-indarrek 17 urteko gazte bat, Naël, odol hotzean erail dute Nanterren (Paris, Frantziako Estatua). Itxura denez, polizia-kontrol batera iristean, gidatzen ari zen autoa geldirik mantentzeko agindu zion poliziak, baina agindu horri uko egin zion mutilak. Arrazoi horregatik erabaki zuen polizia-agente batek gaztearen aurka tiro egitea, sabelaldean zaurituz. Bizia galdu du tiro horren ondorioz.

Poliziak hasieran emandako bertsio ofizialaren arabera, mutila gidatzen ari zen autoaren aurrean jarri zen polizia-agente bat, eta ibilgailua azeleratu eta agentea harrapatu zuen orduan gazteak. Gertatutakoa bideoz jasota zegoen, ordea, eta zabaldu dituzten irudietan argi ikusten da faltsua dela poliziak emandako azalpena.

Erailketa argitara atera bezain pronto piztu ziren protestak. Nanterreko Vieux-Pont distrituan eta Pablo-Picasso hirian hasi ziren mobilizazioak eta istiluak, eta, 21:00ak aldera, polizia-etxetik hurbil elkarretaratu ziren hainbat eta hainbat pertsona. Parisko hainbat herritan lehertu dira protestak; hala nola, Asnières, Colombes, Suresnes, Clichy-sous-Bois eta Mantes-la-Jolien.

Gutxienez hogei lagun atxilotu dituzte polizia-indarrek Hauts-de-Seinen. Manifestarien kontra negarra eragiteko gasa eta "defentsarako balak" deiturikoak erabili ditu poliziak, eta lanean ari zen banatzaile bat autoarekin harrapatu du; larriki zauriturik dago langilea.

Frantziako Gobernuak 2.000 polizia eta jendarme bidaliko ditu Parisko periferiako hirietara, datozen gauetan izan daitezkeen protestei aurre egiteko eta mobilizazioak itoarazten jarraitzeko.

Hirugarren gradua ukatu diote Jose Mari Novoa preso politikoari ere
Fiskaltzak aurkeztutako helegitea Espetxe Zaintzako Epaitegiak ebatzi bitartean, behintzat, Zaballako espetxera itzularazi dute zigoitiarra.