AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

PPko zinegotzi bat eta hiru polizia pertsona migranteez aprobetxatu dira Santa Susannan

Bi udaltzain, mosso bat eta Inmaculada Casilla zinegotzia atxilotu dituzte. Egoera administratibo araugabean zeuden 40 pertsona migratzaileri iruzurrezko lan-kontratuak egin dizkiete, dirua kobratuta, bizitoki-baimenak lor zitzaten. Lanean jarraitzen dute hiru poliziek.

Santa Susannan (Bartzelona) lau pertsona atxilotu zituzten azaroan, pertsona migranteak "erregularizatzeko sare batean" parte hartzea leporatuta. Hiru udaltzain (haietako bat mossoa da une honetan) eta PPko zinegotzi Inmaculada Casilla dira atxilotuak, baina aske geratu ziren deklaratu ostean.

Antza, legez kontrako egoera administratiboan zeuden pertsona migrante ugariz aprobetxatu dira lau atxilotuak, euren kontura negozioa egiteko. Dirua kobratuta, iruzurrezko lan-kontratuak egin dizkiete 40 migratzaile ingururi, modu horretan, bizitoki-baimenak tramitatzeko aukera izan zezaten. Etxeko langile bezala egiten zizkieten kontratu faltsuak.

Maiatzean hasi zen iruzurrezko negozioari buruzko ikerketa, Bartzelonako epaitegi baten ekimenez. Ikerketaren lehen fasean gestoria bat zegoen tartean, eta zortzi pertsona atxilotu zituzten, erregularizazio-sareko arduradunak zirelakoan. Azaroaren 4an eta 5ean, ordea, hiru polizien eta PPko zinegotziaren kontra jo zuten. Hala ere, aske gelditu ziren adierazpenak egin ondoren, karguekin.

Ezkonduta daude PPko zinegotzia eta polizietako bat. Politikariak PPren parte izaten jarraitzen du, alderdiak ez baitu bere aurkako neurririk hartu. Poliziei dagokienez, Santa Susannako Udalak espedientea ireki du bi udaltzainen kontra, baina Polizian jarraitzen dute: lanean dihardu haietako batek, eta bajan dago bigarrena, beste barne-espediente batengatik. Hirugarren udaltzainak eszedentzia eskatu zuen Santa Susannan, eta, bitartean, mosso lanetan ari da Granollersen.

Gaztetxearen alde mobilizatu dira Zarautzen
Kritika politikoa egiteko eskubidea eta militatzeko baldintzak defendatu dituzte, eta PSE-EEko zinegotziari exijitu diote atzera bota dezala bi gazteren kontra jarritako salaketa.