AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

PPren eta EAJren hainbat egoitza markatu dituzte, desalojo azkarrei buruzko azken neurrien harira

Etxegabetzeak 48 orduan gauzatu ahal izatea eskatu du berriki EAJk. Duela gutxi, gainera, Espainiako Senatuan "okupazioaren kontrako" lege bat atera du aurrera PPk.

Etxe-kaleratzeak eta, orokorrean, desalojoak erraztu nahi dituzte: kaleratzeak azkarrago eta epaiketarik gabe gauzatu ahal izateko neurri gehiago atera dituzte mahaira PPk eta EAJk. Espainiako Senatuan "okupazioari aurre egiteko" neurri bat atera dute aurrera aurten, PPren eta Voxen babesarekin. EAJk, bestalde, Espainiako Gobernuaren lege-proiektu bati lotutako emendakin bat aurkeztu du berriki, posible izan dadin okupatutako nahiz ordaindu gabeko etxeak azkar hustea; 48 orduan, hain justu.

Neurri horien kontra, PPren eta EAJren hainbat egoitza markatu dituzte azken orduetan; hala nola, Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba). Egoitzetako ateetan irakur daitezke ondoko mezuak: "48 orduko desalojoaren aurka borrokatu", "Okupazioaren kriminalizazioari ez", "Okupazioaren aurkako lege proposamenak gelditu" edota "24 orduko desalojo azkarrei ez".

Ertzaintzak Mugimendu Sozialistako bi militante jazarri ditu
Kalez jantzitako bi poliziak eta Ertzaintzaren patruila batek atxiki zituzten, ostatu batetik irteten ari zirela; bere izenez deitu ostean, ertzainek eurekin eraman behar zutela esan zioten militanteetako bati. Gazteak hotelean erregistratzean jakinarazpen bat jaso zutela argudiatu zuen Poliziak, nahiz eta ez daukaten euren kontrako inolako auzirik irekita. Ez da Poliziak Mugimendu Sozialistaren kontra halako jazarpen-mekanismoak erabiltzen dituen lehen aldia; oraingoan, baina, militante baten sakelako telefonoko datu pertsonaletara sarbidea izateko mugimenduak egin ditu, antza.