AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Prezioen gorakada mantentzen da Espainiako Estatuan, inflazio orokorrak laugarren hilabetez behera egin arren

%,6,8raino jaitsi da KPIa azaroan, erregaien prezioen merkatzeak bultzatuta. Erregaien prezioen apaltzea ez da gainerako produktuetara modu berean hedatu, eta azpiko inflazioa %6,3an kokatu da %0,1eko azken igoeraren ostean.

Inflazioaren azken zifrek autokonplazentziarako aukera ematen dute Espainiako Estatuan, Europako gainerako herrialdeetan baino azkarrago ari baitira apaltzen. Erregaiaren prezioari jarritako mugak batetik, eta bere posizio geoekonomikoak gasa bezalako erregaiak lortzeko ematen dion erraztasunak bestetik, inflazioa azkarrago jaisteko aukera ematen dio. Hala ere, datu engainagarriak izan daitezke, arretaz aztertzen ez badira.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) azaro amaieran argitaratutako Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) %6,8ko datua oraindik urrun dago Europar Banku Zentralak (EBZ) ezarritako %2ko inflazio mugatik. Gainera, inflazioaren gaineko arreta hilabete arteko aldakuntzatik harago jarri behar da, denboran zehar pilatzen doan datu bat baita.

Espainiako Estatuko inflazioak %12,4ko igoera izan du 2020ko datuekin alderatuta. Inflazioak azken hilabeteetan behera egin badu ere, azken kontsumo prezioek 2020an baino kopuru arras handiagoa erakusten dute. Bestalde, INEk azaroko datu bereiziak oraindik kaleratu ez baditu ere, komeni da urriko datuek elikagaien prezioetan utzitako gorakada oroitzea: elikagaiak %15,4 garestitu dira urtebete eskasean, inflazioaren zifra orokorra soberan bikoiztuz. Beraz, erregaiaren prezioan sumatzen ari den beherakada ez da gainerako kontsumo merkantzien prezioan islatzen.

Irabazi tasak berrezartzen

Inflazio datu orokorrak behera egiten ari badira ere, esanguratsua da azpiko inflazioak gora egin izana. %0,1 igo da azaroan, eta %6,3an kokatu da. Gauzak horrela, prezioen igoera jakin horiek adierazten dutenez, enpresaburuak krisi garaian izandako galerak berrezartzeko baliatzen ari dira. Merkantzia ugari, ziurrenik, euren ekoizpen kostutik gora saltzen ari dira; gehienbat, oligopolio egoeran dauden merkatuetan.

Hori gutxi balitz, azpiko inflazioaren gorakadak garestitzea denboran zehar luzatuko dela iragartzen du. Izan ere, azpiko inflazioak prezioen joera egonkorrago bat erakusten digu, energia bezalako prezio aldakorrak isolatzen baititu indizetik.

Grebara jo dute hezkuntza publikoko langileek
Eskola publikoetako langileen %60 inguruk hartu zuten parte atzoko greban. EAEko hezkuntza legearen aurreproiektuaren kontra atera ziren kalera, eta hezkuntza publikoa aldarrikatu zuten, besteak beste.